Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Ekaitz Sirventen kontrako epaiketa azaroaren 25ean hasiko dela eta hiru aste iraungo duela jakinarazi du Zarauzko Herrira-k. 2009ko apirilaren 10ean atxilotu zuen Frantziako Poliziak zarauztarra, Parisko Montparnass tren geltokian. Atxiloketaren ostean, orduko barne ministro Alfredo Perez Rubalcabak eman zituen xehetasunak. Esan zuen arma bat zeramala berarekin, baita material informatikoa ere. Hiru egunen buruan eraman zuten Laurence Le Vert epailearen aurrera, eta Fiskaltzak espetxeratzeko eskatu zuen. Horrez gain, sumario bat irekitzea ere galdegin zuen, ETAko talde politikoko kide eta dokumentu faltsuak egiteko taldeko buru izatea, faltsututako dokumentuak izatea, armak edukitzea eta garraiatzea, eta lapurreta batetik ateratako arma edukitzea leporatuta. Parisko La Santeko espetxean dago ordutik.
Epaiketara joateko autobusa antolatzeko asmoa du Zarauzko Herrira-k, baina oraindik datu batzuk falta zaizkionez, ez du autobusa zein egunetan abiatuko den zehaztu. «Hala eta guztiz ere, eguna jakin bezain laster informazio gehiago emango dugu».
Parisera joateko autobusa antolatzea «oso garesti» ateratzen dela ohartarazi du, eta bidaia finantzatzen laguntzeko bono-laguntzak prestatu dituzte; bost, hogei eta berrogei eurokoak. Horrez gain, zozketa bat ere egingo dute. «Pariserainoko bidaiak hain garesti atera ez daitezen, zuen laguntza ekonomikoa eskertzekoa izango da».