Abenduaren 4an erabakiko du Frantziak Ekhiñe Eizagirre estraditatu ala ez

Zarauzko Hitza 2013ko azaroaren 6a

Bista publikoa egin dute gaur eguerdian Parisen, eta 20 minutu inguru iraun duela jakinarazi dio HITZA-ri bertan izan den herritar batek. Atzo iluntzean atera zen Zarauztik Pariserako autobusa, Zarauzko eta Getariako 17 lagunekin. Guztiek izan dute epaiketa aretoan sartzeko aukera, eta Eizagirre ukitzeko betarik izan ez bazuten ere, «arin-arin» agurtu zuten. Bertan izandako batek adierazi duenez, Ibai Behobide bizkaitarraren deklarazioa izan dute hizpide fiskalak eta epaileak. Espainiako poliziek haren testigantzan oinarrituta akusatu zuten zarauztarra. Eizagirrek berak frantsesez testu bat irakurri du bistan, eta tartean, Behobidek torturapean deklaratu zuela nabarmendu du. Bizkaitarraren tortura salaketa artxibatu duten arren, zarauztarraren abokatuak Europak Espainian tortura praktikatzen dela badakiela salatu du, eta hori aintzat hartu beharko luketeela esan. Maiatzaren 7an Frantzian atxilotu zuten Eizagirre, Raul Aduna gasteiztarra, Andoni Goikoetxea tolosarra, Barrundioko Igor Uriarte eta Arrasateko Julen Mendizabal eta Kepa Artauzekin batera. Seiei Elosa taldeko kide izatea eta ETAkideei sasian izateko behar duten laguntza emateaz arduratzea leporatu zieten. Espainiako Barne ministro Jorge Fernandez Diezek zehazki dokumentuak faltsutzeko ardura egotzi zien. «Helburu terroristadun gazkile taldeko kide» direlakoan kartzelaratu zituzten, eta Fresnesko espetxean dago atxilo ordutik. Sirventen aurkako epaiketa Ekaitz Sirventen kontrako epaiketa azaroaren 25ean hasiko dela eta hiru aste iraungo duela jakinarazi du Zarauzko Herrira-k. 2009ko apirilaren 10ean atxilotu zuen Frantziako Poliziak zarauztarra, Parisko Montparnass tren geltokian. Atxiloketaren ostean, orduko barne ministro Alfredo Perez Rubalcabak eman zituen xehetasunak. Esan zuen arma bat zeramala berarekin, baita material informatikoa ere. Hiru egunen buruan eraman zuten Laurence Le Vert epailearen aurrera, eta Fiskaltzak espetxeratzeko eskatu zuen. Horrez gain, sumario bat irekitzea ere galdegin zuen, ETAko talde politikoko kide eta dokumentu faltsuak egiteko taldeko buru izatea, faltsututako dokumentuak izatea, armak edukitzea eta garraiatzea, eta lapurreta batetik ateratako arma edukitzea leporatuta. Parisko La Santeko espetxean dago ordutik. Epaiketara joateko autobusa antolatzeko asmoa du Zarauzko Herrira-k, baina oraindik datu batzuk falta zaizkionez, ez du autobusa zein egunetan abiatuko den zehaztu. «Hala eta guztiz ere, eguna jakin bezain laster informazio gehiago emango dugu». Parisera joateko autobusa antolatzea «oso garesti» ateratzen dela ohartarazi du, eta bidaia finantzatzen laguntzeko bono-laguntzak prestatu dituzte; bost, hogei eta berrogei eurokoak. Horrez gain, zozketa bat ere egingo dute. «Pariserainoko bidaiak hain garesti atera ez daitezen, zuen laguntza ekonomikoa eskertzekoa izango da».  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide