Bihar, azaroaren 6an, asteazkenarekin abiatuko dira Gozategi taldeko ordezkariak Argentinako Villa Maria herrira.
Han, diasporako euskaldunek Euskal Aste Nazionala antolatu dute eta Gozategi taldeari bertan izateko aukera eman diete. Duela bi urte ere izan zuten aukera, baina, arazo batzuk tarteko, ezin izan zuten joan. Oraingoan, ordea, bi kontzertu eskaintzekoak dira: hilaren 8an bata eta 9an bestea.
Aurretik ere behin baino gehiagotan izan dira Argentinako lurretan Gozategi taldekoak. Orduan izugarri gustura itzuli ziren bertan dastatu ahal izan zutenarekin.
Orain, Villa Marian eta inguru haietan izango diren denboran, eguneroko kontakizuna egingo dute gure web orrialdean ireki duten blogean.