Orioko Hondakinen Mahaiko kideak
Urte bete eskas darama Orioko Hondakinen Mahaiak lanean. Orioko Udalbatza osatzen duten alderdiek hondakinen gaiaren inguruan hausnartu eta eztabaidatu dute bertan Orioko Zero Zabor Taldeak dinamizatuta. Urte honetan desadostasunak alde batera utzi dituzte eta denen artean 'Ez da marroia, birziklatzea beharrezkoa da' kanpaina abiatu dute. Azken urtean urratsak eman badira ere Orioko Zero Zabor Taldeak egindako lana ez du positiboki baloratu "gehiago egin zitekeelakoak" eta Hondakinen Mahaia uztea erabaki du
Udalbatzako hiru alderdiek osatzen duten egun Orioko Hondakinen Mahaia eta 2015erako helburu zehatzak markatu dituzte elkarlanean. Oriotarrek 2015ean hondakinen %65a birziklatzera iristea da Hondakinen Mahaiaren helburua, 2012an hondakinen %31,8a biriziklatu baitzuten. Modu horretan 2015ean orain baino 773 tona errefus gutxiago sortuko dute oriotarrek eta 114.276 euro gutxiago gastatuko du Orioko Udalak zabortegietan. «Herri guztiarentzat erronka izatea nahiko genuke, lortu dezakegula sinestuta baikaude. Helburua adostearekin batera hau lortzen ez badugu hartu beharreko neurriak aztertu eta eztabaidatuko ditugu aurrerantzean» azaldu dute.
Helburuak markatuta, hondakin organikoari protagonismoa eman nahi dio Hondakinen Mahaiak eta herritarren beharretara egokitzeko edukiontzien antolaketa berria diseinatuko dute. Gainera, datozen hilabeteetan Orioko hondakinen ordenantza idatziko dute.