Zarauztarren euskaraz bizitzeko aukerak eta oztopoak aztertuko dituzte bihar

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2013ko azaroaren 5a

Euskaraz bizitzea bermatzen den ala ez aztertuko dute ‘ Euskararen arnasguneak’ tailerrean (Leire Ventas/Hitza) «Hizkuntza batek, garatuko bada, bera nagusi den esparruak behar ditu». Arnasgune horiek «ezinbestekoak» dira hizkuntza baten biziraupenerako. Hain zuzen, hori da normalkuntza prozesuko gako bat: euskarak bere espazioa izatea. Hori dela eta, euskaraz bizi ahal izateko aukerak eta oztopoak identifikatu eta irtenbideak bilatuko dituzte hilabete honetan, Zarautzen. Udalak eta Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak arnasguneei buruzko tailerra antolatu du, eta bihar egingo dute lehenbiziko saioa. Herritarrak arnasguneek euskararen biziraupenean eta normalizazioa lortzeko duten «garrantziaz» jabetzea da dinamika horren helburua, eta arnasgune horiek zaindu zein hedatzeko eman beharreko pausoak parte-hartzaileekin lantzea. Lehenbiziko saioan «arnasguneetan bizi arren, euskaraz bizitzeko herrian dauden hutsuneak» jasoko dituzte. Zarautz Uemako kidea den heinean, euskararen arnasgune geografikoa da, baina bertan euskaraz bizitzea %100 ez dela bermatzen adierazi du Goizane Arana Uemako teknikariak. Eta hain zuzen, hutsune horiek identifikatuko dituzte bihar. Aurrez Gari Berasaluze Zarauzko Euskara zinegotziak egingo du tailerraren nondik norakoen aurkezpena, eta ondoren 20 minutuko bideotxo bat eskainiko dute, parte-hartzaileak testuinguruan kokatzeko. Aranak berak soziolinguistikari buruzko alde teorikoa azalduko du gerora. Horren ostean, taldetan elkartu eta gabeziei buruz hausnartu eta horien zergatia aztertuko dituzte herritarrek. Herriko euskalgintzako eragileek dinamizatuko dute hori, Euskal Herrian Euskaraz eta AEKko kideek, kasu. Behin hutsune horiek zerrendatuta, zergatiak azalduko du Uemako teknikariak bigarren saioan, azaroaren 20an. Gerora zailtasun horiei komunitate gisa aurre egiteko konponbideak bilatuko dituzte. «Egun euskalgintza hankamotz dago; hizkuntza politika aurrerakoia martxan jartzea beharrezkoa da. Babes sozialarekin eragingo da arlo juridiko, ekonomiko eta politikoan», azaldu du Aranak. Datuak
  • Zer. Euskararen arnasguneak tailerra.
  • Noiz eta non. Bihar eta azaroaren 20an, Etxezabalan, 18:30etik 20:30era.
  • Izena emateko. Zarauzko Udaleko Euskara Zerbitzuan, 943-00 51 16 telefonora deituta edota euskaraz@zarautz.org helbidera idatzita.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide