Azpeitiko Grumal lantegia (Nerea Uranga)
Azpeitiko Grumal enpresako langileak lantegia ixteko arriskuan dagoela eta mobilizatzen hasiko dira. Bihar, asteartea, eguerdian elkarretaratzea egingo dute Azpeitiko Laboral Kutxa eta Lagun Aroren bulegoaren aurrean.
Grumal SL enpresan 148 pertsonak egiten dute lan. Fagor Etxetresnak-en esku dago Azpeitiko enpresa, «Grumalen akzionista eta kudeatzaile bakarra Fagor Etxetresnak da», esan du Grumaleko Enpresa Batzordeak. Baina, Grumal ez da kooperatiba, «bertako langileak ez gara kooperatibistak, langile soilak gara», esan dute. Hala ere, argitu dute, Grumaleko langileen herena edo, behin-behineko bazkide bezala lanean ari direla Mondragon Korporazioko hainbat enpresatan».
Fagor Etxetresnakekin batera Grumal aurre konkurtsoan sartu zela jakinarazi du Grumaleko Enpresa Batzordeak, «nahiz eta, mantentze aldera, Fagorrek diru mordoa jaso instituzioetatik».
Azpeitiko lantegiaren etorkizunaz langileei ezer gutxi argitu dietela ere salatu dute Grumalekoek, «gerenteak dimititu egin du eta ondorengo egunetan jabegoaren ordezkariekin izandako bileretan gure etorkizunaz ez digute ezer argitu».
Grumaleko langileen ordezkarien arabera, «maiatzean aurkeztu zuten plana aurrera ateratzeko 170 milioi euro behar omen dituzte. Baina, guk ez dakigu zertaz ari diren, zer dioen Planak Grumalez, zer dioen Grumaleko 150 enpleguez». Fagorrek behar duen finantziazioa ez badu lortzen, Grumalekin zer gertatuko den ere ez dakitela diote Azpeitiko langileek, «zein kategoriatan sartuko gara langileak? Korporazioan lanean jarraitzeko aukerarik izango al dugu? Eta aldi baterako bazkide bezala lanean ari diren Grumaleko langileekin zer gertatuko da?».
Fagorren «porrotaren eraginak neurtzeko» kontabilitate eta zenbaki asko dabiltzala esan dute Grumalekoek, «susmoa dugu, gutaz eta gure atzean dauden familiekin ez dela inor gogoratzen». Horregatik, mobilizatzen eta euren egoera kalera ateratzen hasteko erabakia hartu dute langileek asanbladan. Laboral Kutxa eta Lagun Aroren egoitza aurrean bilduko dira bihar langileak protesta egiteko, «Mondragon Korporazioko egoitza aurrean bilduko gara.