Menditxoko eremuan erori zen labar zatiak bertako bizilagunen eta San Anton enpresaren jardueran «ondorio larriak» eragin dituela gogoratu du Getariako Udal Gobernuak. Eta hori dela eta, gaiak eskatzen duen «ardurarekin» jokatu behar dela nabarmedu du, «interes partidistak» alde batera utzita. Hori, halaber, «denoi» dagokiela nabarmendu du.
Pasa den maiatzaren 5ean Iribarrena kaleko komunitatearen azpiko labar zati bat eta etxearen eta amildegiaren arteko 20 metro petril erori zirenetik, lan horretan dihardute Udal Gobernuko kideak, «arinkeriaz jokatu gabe»: «Negozioazioak pixkanaka forma hartzen ari diren arren, arimutur guztiak lotuta izan arte, ez dugu ilusio faltsurik piztu nahi herritarren artean». Izan ere, bizilagunek «kezka handiz ikusten dute euren etorkizuna».
Diskrezioz jokatu
Bere garaian labarraren konponketa lanen kostua 1,2 milioi eurokoa izango zela kalkulatu zuten. Ordutik, udalaren zeregin nagusia diru kantitate hori finantzatu dezaketen erakundeekin harremanetan jarri eta elkarlanean jardutea izan da. «Helburua garbia da: lanen kostuari aurre egiteko erakundeen inplikazioa lortu eta haiekin hitzarmena sinatzea», argitu dute udal ordezkariek.
Halako diru kantitate «handiak» kudeatzeko, ordea, negoziazioak «luze» jotzen dutela ohartarazi dute. «Ez dute egun batetik bestera nahi genukeen emaitzarik ematen».
Bizilagunen «egoera larria» eta horren eraginez senti dezaketen «etsipena» dela-eta, «gai oso sensiblea» da gobernukideen arabera. Horregatik, negoziazioak amaitu bitartean «seriotasunez eta diskrezioz» egin behar dela lan nabarmendu dute.
«Espero dugu bertako bizilagunek eta, oro har, herritar guztiek ulertuko dutela jarrera hau. Bitartean, eta orain arte bezala, Getariako Udaletik lan egiten jarraituko dugu, arazoari ahalik eta azkarren irtenbidea emateko», esan dute arduradunek: «Ea laster berri onak emateko moduan gauden».