Zarauzko arraunlariak astelehenean hasiko dira entrenamenduekin

Urola Kostako Hitza 2013ko azaroaren 1a

sasoian.info
Hilabete eta erdiko atsedenaldiaren ondoren, datorren astelehenetan (azaroaren 4ean) hasiko dira Enbatako senior mutil arraunlariak entrenamenduetan. Aurten KAE ligako 2. mailan arituko dira. Gabonak arte lehorreko lan fisikoari emango diote garrantzia, eta hortik aurrera gero eta gehiagotan aterako dira uretara arraun egitera.

Iazko tripulazioari eutsiko dio Iñaki Mendizabal entrenatzaileak. Gehienek jarraituko dutela adierazi diote, eta bakarren bat zalantzan den arren bizpahiru hutsune baino gehiago ez izatea espero du. Hortaz gain, lehen arraunean jardundako batzuk ere hastekoak dira eta 20 arraunlaritik gora izango den talde batekin ekingo dio 2014ko Enbatak.

Nobedade gisa esan, aurten aulki mugikorrean ere aritzeko asmoa dutela eta arraunlari kopuruaren arabera, bikoan, laukoan edota zortzikoan aritu nahiko lukete traineru denboraldia hasi bitartean.

ZAEk arraun egitera animatu nahi ditu zarauztar guztiak, bai lehen aritutakoak, baita sekula arraunik heldu gabekoak ere. Horretarako astelehenean arratsaldeko 19:00etan Arrona zaharreko bigarren eskuko azokara azaldu edo deitu 688-649 307 telefono zenbakira.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide