Azpeitiko Udala "oso kezkatuta" dago Grumalen etorkizunaz eta hainbat alderekin biltzen ari da

Nerea Uranga 2013ko urriaren 31

Grumal enpresaren lantegia Landetan. Azpeitiko Udala Azpeitiko Grumalen etorkizunaz "oso kezkatuta" dagoela eta hainbat alderekin biltzen ari da. Grumal enpresaren jabea Fagor Etxetresnak kooperatiba da. Azpeitiko Udalaren informazioaren arabera, Grumalek 149 langile ditu eta horietatik 54 MCCren beste kooperatibetan aldi baterako ari dira lanean. Horrez gain, Fagorrek eskualdeko 59 laguni ematen dio lana, horietatik 37 Azpeitian bizi dira.  Azpeitiko Udalak jakin duenez, enpresa korkurtso legea aurkeztea aztertzen ari da eta une honetan aurre-konkurtsoa aurkeztuta dauka. Azpeitiko Udal Gobernuko Eneko Etxeberria alkatea eta Iñaki Portilla Industria zinegotzia joan den asteazkenean Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Debagoienako alkateekin bildu ziren Arrasaten. Udalak jakinarazi duenez, bileran Fagor Etxetresnak enpresaren gainean izan zen, "kooperatibaren azken gertaerak eta eszenatoki okerrenean izan ditzakeen ondorioak aztertzea zuen helburutzat. Izan ere, Fagorren krisiak, Debagoienaz gain beste udalerrietan ere eragiten du". "Etorkizunari buruzko informaziorik ez" Azpeitiko Udalak enpresaren "etorkizunaren inguruko informaziorik ez" duela esan du eta Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Debagoienako alkateek MCCri eta Eusko Jaurlaritzari eskatu dioten bileran parte zuzena hartuko du. Bilera gaur, astelehena, egitekoa zen, baina MCCren "agenda arazoak" tarteko asteazkenera atzeratu dute. Udalak, enpresaren arduradunei eta agente guztiei "Grumal enpresaren etorkizunaren aldeko apustua egiteko eta kooperatibako beste guztiei bezala, langileen enpleguaren aldeko neurriak hartzeko" eskatuko die. Azpeitiko Udal Gobernukoen ustez, "kritika puntualetik haratago, kooperatibismoaren porrota ez da inola ere irudikatu behar egoera honetan. Etorkizunak kooperatibismoan oraindik eta gehiago sakontzea izan behar luke". Joan den ostegun arratsaldean atera zuen oharra udalak eta bertan krisiaren eragin zuzena duten langileei eta herritarrei "elkartasuna" adierazi die.    

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide