Eslovenian doan jokatu ondoren, aurten Hungariara egin du jauzi Alberto Agirrezabalagak (Zarautz, 1988). Oraingo honetan kontratu duin batekin.
Zer moduzko esperientzia izan zen atzerrira ateratzea, eta etxetik kanpo jokatzea?
Esperientzia oso polita izan zen iaz atzerrira ateratzea. Era berean, oso zaila da, kultura, bizimodua eta hizkuntza berri batera ohitu behar zarelako. Etxetik 16 urterekin abiatu nintzen Leon aldera, eta etxetik kanpo egotea ez zen gauza berria niretzat, baina Eslovenian musutruk jokatzen aritu nintzen eta horrek erabat ezberdin bihurtu zuen egoera. Hala ere, neskalagunaren babesak eta laguntzak asko arindu zidan esperientzia gogor hura.
Eskaintzarik izan al duzu Asobalen edo gertuagoko herrialderen batean jokatzeko. Zergatik jarraitu etxetik horren urrun?
Zorionez, eskaintza bat eduki nuen, baina atzerrian jarraitzeko asmoa nuen, eta aurrerantzean ere jarraitzeko asmoa dut. Eskubaloiaren bitartez horrelako esperientziak bizitzea oso aukera polita da. Gainera Asobal ligako maila asko jaitsi da, nire ikuspuntutik gehiegi. Azkenengo hamarkadan bost taldek izan zezaketen Asobal liga irabazteko aukera. Orain, aldiz, lehen postuan dagoen taldetik bigarrenera jauzi handia dago. Diferentzia horri atzerriko ligek izan duten goraka gehitu behar zaio, eta horrek guztiak erraztu egiten du erabakiak hartzeko orduan.
Espainiako eskubaloia ere ez dago ekonomikoki bere unerik onenean. Horrek ere bultzatu al zaitu atzerrian geratzea?
Bai, arazo ekonomikoek ere bultzatu ninduten kanpora joateko erabakia benetan hausnartzera. Asobalen jokatu nuen azken denboraldian San Antonio taldeak diru asko zor izan zigun, eta egoera hori ez nuela berriro biziko zin egin nion nire buruari. Csurgoren eskaintza jaso nuenean, esan zidaten lehendabiziko gauza egunean ordaintzen zutela izan zen. Baldintza horrek pisu handia hartu du azken urteotan. Ikus daiteken moduan, gaur egun ia ez dago atzerriko jokalaririk Espainiko ligan.
Mikel anaiak ere jauzi egin du Europara, Bielorrusiara. Zuk animatu al duzu erabaki hartzeko garaian?
Bai. Bere garaian asko animatu ninduen, batez ere benetan nahi nuena egin nezala esanez. Zaila da lehenengo pauso hori ematea. Orain alderantziz suertatu da, eta nik esperientzi hori bizitzera bultzatu dut, baina bere egoera oso bestelakoa da. Iker semearekin eta Jaione emaztearekin zailagoa zaio mugitzea. Aitzitik, ni atzerrira irten naizenetik, berdin dit zein herrialdetara joan. Berak, berriz, gehiago zaindu behar du erabakia, eta horrek zalantzak sortzen ditu. Ez du bere ongizatean pentsatzen; hau da, kezka handiago du bere semearen eta emaztearen ongizatean.