(O.L.A./Hitza)
Orain lau urte hartu zuen erretiroa, baina azken bi urteetan ezer ez duela idatzi aitortu du Jon Sudupek. Aitonaren papera betetzen ari da azkenaldian. Hala ere, Darwin-ek arreta piztu zion, eta liburu bat «erdi egina» du.
Marx-ekin hasi zinen, Kant-ekin jarraitu, eta Darwin-engana jo duzu orain, ezta?
Bai. Neodarwinismoaren arrakasta ezin ukatuzkoa da. Biologia, genetika eta neurozientzia bezalako diziplinak ezinbestekoak dira betidaniko galdera filosofikoei erantzuteko. Gizakia zer den jakiteko. Kultur iraultza berri baten aurrean gaudela uste dut.
Zer esan nahi duzu?
Garai batean garrantzia ematen zitzaion gizarteari eta inguruari. Orain, beste batzuk zeharo bestaldera jo dute, dena gene kontua dela esanez. Biak puntu batean elkartuko direla uste dut, erdi bide batera iritsiko direla. Batek idatzi zuen Hirugarren Kultura sortuko zela hortik. Ez dakit nola deitu beharko litzaiokeen: hirugarren kultura, kultura bakarra edo kultura batua. Baina kultur iraultza bat izango da ziurrenez.
Zer ari zara lantzen zehazki?
Lan berrian saiatzen ari naiz Kant eta Darwin, bien jarrerak lotzen, uztartzen. Zaila ematen du, baina aurrez ere badira horretan saiatu direnak. Konrad Lorenz, esaterako. Etologo bat da, eta Nobel Saria jasotakoa da. Badu Kant-en aldeko zera bat. Batek ematen dio garrantzia biologia hutsari, eta besteak, nolabait esateko, transzendentalismoari. Bi horiek lotzeak oso zaila dirudi, bi mundu, bi kultura... desberdin direlako. Baina orain badago joera bat berriz ere kultura bakar batera jotzekoa. Zientziak eta humanitateek bat egitekoa.
Gustukoa duzu zeuk, ezta?
Joera polita dela uste dut, eta gaur egun gauza onak ere idazten dira horren inguruan.
Nondik abiatu zinen gai hori aukeratzeko?
Orain lau urte inguru, eskolan nintzela, Juan Mari Segues ginekologoa etorri zitzaidan. Azpeitiarra da, eta Zarautzen bizi da. Nik orduan egunkari batean idazten nuen iritzi zutabe bat, eta Seguesek Steven Pinkerren liburu bat eman zidan irakurtzeko:
El instinto del lenguaje. Irakurri nuen, eta harrezkero gai horiekiko gero eta interes handiagoa izaten hasi naiz. Seguesen bitartez hasi naiz Darwinismoaren-eta alderdi hauek lantzen, nik ez nuelako ezagutzen mundu hori. Izan ere, gehienbat anglosaxoiak ari dira. Hemen ez dago oraindik joera hori. Hala ere, gaur egun gero eta bibliografia gehiago dago, eta gustura ari naiz liburu hori idazten. Gauza interesgarria izan daitekeela uste dut.
Are gehiago euskaraz izanda, ezta?
Euskaraz oso gutxi idatzi da horri buruz. Hala ere, badago bat Joxe Azurmendik idatzitakoa. Orain urte dezente idatzi zuen
Gizona abere hutsa da izeneko lana. Bide horretatik zihoan. Orduan hemen halako konturik ez zen aipatu ere egiten, eta harenak meritu handia duela uste dut.
Zeuk zer irizten diozu titulu horretako baieztapenari?
Exajerazioa dela uste dut hori. Eta, hain zuzen, horixe da nire tesia idazten ari naizen liburuan: gizakia ez dela abere hutsa.
Noizko izango duzu liburua argitaratzeko prest?
Beste urtebete beharko dut. Izan ere, bi biloba txiki ditut, eta haiek zaintzen ari naiz azken bi urteetan. Denbora tarte horretan ez dut ezer idatzi.