Arizia baserrira doan bidea konpontzen ari da Zarauzko Udala

Urola Kostako Hitza 2013ko urriaren 31

Zarautz Ehuntzen egitasmoaren baitan, 30. puntuan  baserri eta landa bideen egokitzapena egingo zutela adierazi zuten udal ordezkariek, orain arte bezala. Santa Barbara auzoan, Alleme herri bidean, dagoeneko asfaltatze lanak egin dituzte eta obra horrek 37.135,65 euroko kostua izan du.  %30a Urkomek finantziatu du. Aste honetan, aldiz, Arizia baserrira doan hormigoizko herri bidea konpontzeko lanak egiten hasi dira. Horiek 14.720.50 euro kostako du eta lanen %55a Urkomek ordainduko du. Datozen egunetan Ariziara bidean egin diren bezala egingo dira beste auzune batzuetan egokitzapenak. 2011. urtean, nekazabal herri bidea egokitu zen, Aizpurua baserriaren inguruan egindako egokitze eta asfaltatze lanen bidez. Lan horiek 33.539,49 euro kostatu zuten eta horren %30 Urkomek finantzatu zuen. Hurrengo urtean, Aitze auzoan, Sorazu herri bidea konpondu zuten, Sorazu eta Nekazabal baserrien arteko hormigoizko bidearen osaketa lanak eginez. Aurrekontua 8.201,50 eurokoa izan zen. Eta %30 Urkomek ordaindu zuen. Zarautz Ehuntzen ekimenarekin, baserrietan egiten duten lanean sakontzean jarraituko zela iragarri zuen Udal Gobernuak. Aurretiaz eurekin zuzenean egindako lanketan, San Isidro azokaren antolaketan eta nekazaritza ekologikoaren tratamendua sakondu da. "Bizi kalitatearen ikuspuntutik eta baita sozioekonomikotik ere, oso garrantzitsua da, baserrien irisgarritasuna", adierazi dute: "Alegia, herrigunera gerturatu ahal izateko ahalik eta erraztasun handienak izatea, eta eurekin,  baserrietan ekoizten diren produktuek herrirako bide zuzen eta erosoa izatea".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide