Urola Erdian inbertitzeko 124 proposamen jaso ditu aldundiak

Urola Kostako Hitza 2013ko urriaren 30a

Gipuzkoako Foru Aldundiak datorren urteko aurrekontu orokorraren zati bat eskualdeko herritarren esku jartzeko asmoz, prozesua hasi zuen duela hilabete inguru. 500.000 euro zertan inbertitu proposatzeko aukera izan dute ordutik Azkoitiko, Azpeitiko, Beizamako, Errezilgo eta Zestoako bizilagunek, bileren, postontzien eta Internet bidez. Ekarpen guztiak plazaratuta, hurrengo asteazkenean herri batzarra egingo dute Azkoitian. 18:30ean elkartuko dira Elkargunean, eta proposamenak lehenetsi eta bozkatuko dituzte. Azaroaren 28an, berriz, gauzatuko diren egitasmoak aurkeztuko dituzte Azpeitian. Eskualde eta herri mailako ekarpenak egin dituzte herritarrek, 124 proposamen guztira, eta jarduera ekonomikoa suspertzeari dagozkienak izan dira gehienak; 28, zehazki. Hala nola, enplegua sustatzeko ekimenak, turismoarekin lotutakoak eta lehen sektorea dinamizatzekoak dira nabarmendu direnak. Formazio beharra ere plazaratu dute, batez ere langabetuei zuzendutakoa. Herritarrek ingurumenarekiko interesa ere agertu dute, eta guztira honi lotutako 20 proposamen egin dituzte; basoen kudeaketarekin eta mendi-bideen mantenuarekin lotutakoak izan dira asko, baita hondakinen tratamenduaren ingurukoak ere. Gizarte-politiketako 17 ekarpen bildu dituzte; adinekoei arreta, etxebizitza sozialak alokairuan jartzea, etorkinentzat harrera-planak, eta ezinduentzako laguntzak ematea eskatu dituzte, besteak beste. Mugikortasunaren alorrean, berriz, gehien errepikatu den eskaria eta bost herrietan plazaratu dena eskualdeko bidegorria osatzea izan da. Bereziki, Lasao-Zestoa-Zumaia sarea osatzea eskatu dute, gainerako bidegorriak hobetzearekin batera. Horrez gain, baserri bideen mantenua, eskualdeko errepideak hobetzea eta irisgarritasun arazoak konpontzea galdegin dute herritarrek. Gazteria arloan 14 proposamen jaso dituzte, eta tarte handia hartu dute haur eta gazteentzat egokitutako azpiegiturak egitea, eta baliotan hezteko programak garatzea eskatu dute. Kulturari lotutako proposamenetan, berriz, azpiegiturak hobetzea, herri txikietan kultur ekitaldia sustatzea, eta ondarea eta historia zabaltzeko programak egitea eskatu dute. Kirolean bederatzi eskakizun egon dira, azpiegiturak hobetzea eta emakumeen kirola sustatzea aldarrikatuz. Berdintasunaren alorrean gazteen artean programak eskaintzea, aurrekontuak igotzea eta biktimentzako larrialdiko etxebizitzak jartzea eskatu dute. Azkenik, euskararekin, eskualdeko orekarekin, memoria historikoarekin eta herritarren parte hartzearekin lotutako proposamen bakanak jaso dituzte. Jon Abril Elhuyarreko kideak azaldu du beste 11 eskaera jaso dituztela. Garraio publikoaren ingurukoak dira, eta aldundiak horretarako abiatu duen parte hartze prozesura bideratu dituzte eskaerok. Proposamenak egin dituztenen datuak ere plazaratu ditu aldundiak. Honen arabera, %53 gizonezkoak izan dira, eta erdia baino gehiago 25 eta 50 urteko arteko bizilagunak. «Pertsonekin lankidetza» Aldundiak eta bost udaleko alkateek atzo eman zuten prentsaurrekoan egitasmo pilotuaren garrantzia nabarmendu zuten. «Aurrekontuak gizarteratzeaz gain, herritarren esku utzi dugu diru zati bat, proposamenak aurrekontuetan txertatzeko. Modu honetan, pertsonekin eta eragileekin lankidetza eraiki nahi dugu», adierazi zuen Martin Garitano ahaldun nagusiak. Honen arabera, egitasmoa aurrera eramateko Urola Erdia aukeratzeko hiru arrazoi izan dituzte: «Bailara honek aurretik ere badu esperientzia parte hartze prozesuekin. Horrez gain, Urola Erdiak neurri egokia du halako ekimenetarako, eta behar handiak dituen eremua da». Honen haritik, Ruben Alberdi Zestoako alkateak ekimena bailaran egitea eskertu zuen, Urola Erdiak «premia larriak» dituelako, eta «eraginkorra» izango delako. Arantxa Ruiz de Larrinaga aldundiko parte hartze zuzendariak, bere aldetik, gogorazi du partaidetzazko aurrekontu inguruan berriak badira ere, hainbat herrialdetan duela 20 urtetik gauzatzen dituztela. «Halako ekimenek onura asko dakarte. Administrazioen kudeaketan gardentasuna bermatzen dute. Herritarrak inplikatzen dituzte, adostasunak lortzeko interes orokorra bilatzeko beharra ikusaraziz». Hala, herritar guztiak gonbidatu dituzte hurrengo saioetara joatera. «Parte hartzeko ez da jakintza berezirik izan behar; nahikoa da eskualdea eta herria ezagutzea, eta hori guztiek dakite».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide