Fiskalaren galderak erantzuteari uko egin diote 110 'herrikoetako' ordezkariek

Urola Kostako Hitza 2013ko urriaren 30a

Aurrera jarraitzen du Espainiako Auzitegi Nazionalean herriko tabernen auziko epaiketak, eta 110 elkarteren ordezkari legalak deklaratzekoak ziren gaur Madrilen. Defentsako abokatuen galdera bakarrari erantzuteko asmoz joan dira ordezkari horiek, baina epaiketaren norabidea aldatu du Fiskaltzak. Taberna eta elkarteetako ordezkariak han daudenez, galdekatu egin nahi dituela esan dio epaimahaiari, eta horretarako baimena eskatu du. Defentsek kontrako iritzia eman arren, epaimahaia osatzen duten hiru epailetatik biren aldeko botoekin onartu egin dute Fiskaltzaren eskaera. Defentsak hori egiterik ez dagoela nabarmendu dute ordea, eta beren defendatuak ez daudela auzipetuta gogora ekarri ostean, fiskalak haiek galdekatzeko eskubiderik ez daukala nabarmendu dute. 110 elkarte eta tabernetako ordezkariek gela utzi dute, eta han amaitu da auzi saioa. Xabier Arrizabalaga Enbortxo Orkatz kultur elkarteko lehendakariak HITZA-rekin hitz egin du, eta gertatutakoaren irakurketa egin du; «Fiskaltzak galderak egin nahi izan ditu auzia eurek nahi duten bide horretara eramateko; badakigu gutaz informazioa badutela, eta leporatu nahi digunarekin lotzeko asmoz egin nahi izan dizkigute galderak». Taberna eta elkarteetako ordezkariak ez daude auzipetuta. Arduradun zibil egiten nahi dituztelako daude han, eta HB, EH eta Batasunak taberna eta elkarte horiek ETA finantzatzeko erabili zituztela frogatuko balitz, haiei ondasunak kentzea izango litzateke aukera bat. Fiskaltza da taberna eta elkarteak arduradun zibil egiten dituena, eta ondasuna bahitzea defendatzen duena. Baina praktikan auzipetuei ematen zaien trataera eman nahi die fiskalak taberna eta elkarteei, adibidez galdeketa eginez. Halakorik ez dago ordea onartuta Zigor Kodean. Fiskalak egin nahi dien ondasunen bahiketari uko egiteko duten eskubidea baliatu eta horretara joan dira herriko taberna eta elkarteetako ordezkariak, baina, hitzerdirik egin gabe hartu dute Madriletik etxerako bidea. Nolanahi ere, fiskalaren galderak erantzuteari planto egin diotenez, bahiketa eskaerari uko egin diote. Hilaren 17an hasi zen epaiketa, eta azaroaren 18an jarraituko dute auzi-saioekin. 110 lagunek ez dute auzitegira joan beharrik izango. Lekukoak hasiko dira deklaratzen. Herriko tabernen bidez ETA finantzatzea egotzita, 36 lagun hasi ziren epaitzen, eta 34rekin jarraitu zuten auzipetutako biri leporatzen zaizkien delituak preskribituta daudenez, auzitik kanpo utzi zituztelako. Elkarteetako ordezkariek amaitutakoan, azaroaren 18an jarraitzekoa zen epaiketa, lekukoekin. Gazteen epaiketak ere, aurrera Gazte mugimenduaren aurkako 26/11 auziko epaiketak ere saioa izango du gaur San Fernando de Henaresen. Poliziek jarraituko dute deklaratzen, eta gazteak ez dira joango, epaileak horretarako baimena eman zielako.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide