Jose Manuel Linazasorok koaderno batean eskuz idatzita utzi zituen bere txikitako oroitzapenak, duela ehun urteko Zumaiako kontuak (1910-1920). Koldo Izagirre idazlearen eskuetara iritsi zen koardenoa eta hark Imanol Azkueri helarazi zion, zumaiarrontzat interesekoa izan zitekeelakoan. Imanolek segituan irentsi zuen amua. Hura ez zen ohiko materiala. Aurrena erreportajea proposatu zion Baleikeri, baina lanean hasi orduko materiala pilatu eta pilatu, azkenean liburuaren neurria hartu du. Ostegunean aurkeztuko dugu, Alondegiko ganbaran, 19:00etan. Baleike Kultur Elkarteko bazkideek liburu bana jasoko dute doan.
Liburu berezia, inondik ere, Imanol Azkuek osatu duena. Jose Manuel Linazasorok bere eskuizkribuan jasotako pasadizoak dira abiapuntua, oinarria. Haren umetako begietatik ikusiko dugu duela ehun urteko zumaiarren eguneroko bizitza. Eta hori osatzeko, Imanolen ekarpena: ikerketa lana egin du, datuak osatzeko, kontrastatzeko, testuingurua emateko. Argazki zaharrak bildu ditu eta Ander Hormazuriren ilustrazioak erabili dira hainbat pasadizo irudikatzeko. Liburuak hamaika kontu bitxi jasotzen ditu, testu osagarriak eta datuak, eta eskuizkribuaren fakzimila ere bai amaieran. Emaitza ederra izan da, edukiz eta itxuraz –Roberto Gutierrezek diseinu lan bikaina egin du–, eta bien artean duela ehun urteko Zumaiaren erretratu bizia osatu dute. Hortik izenburua: Jose Manuelen ibilerak, edo begirada bat 1910-1920ko Zumaiari.
Biharko aurkezpenean Imanol Azkuek liburuari buruzko azalpenak emango ditu eta, ondoren, lanari buruzko ikus-entzunezko bat proiektatuko da.
Aurrerapen gisa, hemen daukazue liburuaren sarrerako atala: