'Eta zu nork zaintzen zaitu?' ikastaroa antolatu dute Zarauzko Parekidetasun sailak eta Immigrazio zerbitzuak

Urola Kostako Hitza 2013ko urr. 30a, 12:23

Zarauzko Udaleko Parekidetasun sailak eta Immigrazio Zerbitzuak 'Eta zu zeinek zaintzen zaitu?' ikastaroa antolatu dute. Zarauzko emakume etorkinei zuzenduta dago eta  Pepa Bojo psikologoak eskainiko du. Ikastaroan, zainketa lanetan aritzen diren emakume migratzaileen ongizatea landuko da, zazpi saiotan.  "Zaintzak erantzukizuna, kezka, gainkarga eta nekea eragiten ditu, eta gainera norbere bizitzako denboraren zati handi bat hartzen du. Emakume etorkinen kasua larriagoa da: batetik, familia bere jatorrizko herrialdean dagoelako eta, bestetik, arau eta ohitura bereziak dituen gizarte-ingurune berri batera egokitu behar izaten dutelako", diote antolatzaileek.  Hori dela eta,  zaintzaileek euren burua zaintzea "funtsezkoa" da, "pertsonalki zein lanean ondo sentitzeko". "Garrantzitsua da erlaxatzen ikastea, zainketarekiko emozioak ondo kudeatzea eta norbere buruarentzat tartea hartzea".

 Ikastaroa azaroaren 7an hasiko da eta ostegunero izango dira eskolak urte bukaera arte. Arratsaldez elkartuko dira parte-hartzaileak, 15:00etatik 17:00etara.  Interesa dutenek Zarauzko Udaleko Immigrazio Zerbitzuan eman dezakete izena,  943- 00 51 27 telefonora deituta edota jaranguren@zarautz.org helbidera mezua bidalita. 10 euro kostako du horrek. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide