Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Gipuzkoako DYAk haurtzaroan istripuak ekidin eta lehen sorospen ikastaroa emango du azaroaren 11etik 15era.Haurtzaroan zehar ezbeharrak saihesteko modua jorratuko dute bertan, beti ere ohiko kausak eta haurrek ordu gehien pasatzen dituzten ingurune arriskutsuak aintzat hartuta. Halaber, istripu horien ondorioz sor daitezkeen larrialdi egoerei—erorketak, erredurak, eztarriko trabaketak, intoxikazioak, besteak beste—aurre egiteko oinarrizko ezaguerak jasoko dituzte bertaratzen direnek. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, "modu erraz eta entretenigarrian" ikasteko aukera izango dute parte-hartzaileek, alde teoriko zein praktikoa tartekatuz.
Herritar orori zuzenduta dago ikastaro hori eta aurrez ez da ezaguerarik izan beharko bertan parte hartu ahal izateko. Astebete iraungo du ikastaro horrek, azaroaren 15a arte, eta goizez izango dira eskolak, 10:00-12:00 bitartean, astelehenetik ostiralera. DYak Zarautzen duen ordezkaritzan (Iturribide kalea, 12-14 behea) izango dira.
Ikasle kopurua mugatua denez, antolatzaileek lehenbailehen izena ematea gomendatzen dute. Horretarako, edota informazio gehiago eskuratzeko, 943-464622 telefonora deitu dezakete interesa dutenek. Telefono zenbaki horretara deituta eskuratu daiteke, halaber, ikastaroaren informazio osoa. 50 euro (eskuliburua barne) kostako du ikastaroak.