Amber Bradley irakaslea, pottoka gainean (Ane Olaizola/Hitza)
Pottokak babesteko asmoz proiektua ari da garatzen Adur Barroso zestoarra,
Satarrain Baserri Eskolarekin elkarlanean. Egun animalia horiek galtzeko bidean daudela adierazi du Barrosok, gehienak atzerriko herrialdeetara esportatzen dituztelako. «Euskal Herrian pottoken kultura sustatu nahi dugu, hemen ez dutelako ia erabilerarik. Frantziara edota Italiara esportatzen dituzte, eta elikagai gisa saltzen dituzte han». Euskal Herriko espezie autoktonoari bestelako erabilra eman nahi diote, esportatzeko beharrik izan gabe. «Sastarrainek hasieratik egin izan du pottoken aldeko apustu sendoa. Animalia horiekin lotura zuzena izan dugu txikitatik, eta gure lana da hori zaintzea», gaineratu du Adur Barrosoren aita Andoni Barrosok, Sastarraingo kideak.
Sastarrainekin ez ezik, pottoken eta animalia autoktonoen inguruan lanean diharduten elkarteekin jarri dira harremanetan, proiektua aurrera eramateko.
Pottokentzako askotariko erabilerak sustatu nahi dituzte. Jardueretako batek kirolarekin du zerikusia: inguruko gaztetxoak hipikara gerturatu daitezen baliatzea da ideia. Turismo alorrean ere baliagarriak izan daitezke, paseoka eskaintzeko. Eta erabilera terapeutikoa ere kontuan hartuko dute. Horren haritik, jakinarazi dute dagoeneko Sastarrainen egiten dituztela animaliekin arnasketa ariketak eta bestelako jarduera lagungarriak. Animaliei, gainera, erabilera «komertziala» eman nahi diete, hipikako «hainbat diziplinatan» lehia daitezen. «Pottokak animalia autoktonoen artean bere garrantzia izan dezan nahi dugu, eta horretarako tailerrak eta egitasmoak abiatuko ditugu, herritarrek lehenengo hartu-emana izan dezaten animalia hauekin».
«Lehenengo» parke tematikoa
Proiektua hiru fasetan eramango dute aurrera. Egun lehenengoan daude, «esperimentazio fasean». Irakasle izateko formatu nahi dituzte, eta horretan ari dira egun. Bigarren fasean sartu baino lehen, ordea, eskaera finkatu nahi dute, eta jakin badakite eta hori dutela erronkarik zailena. «Orain arte erdipurdizko erantzuna izan du. Jendea etorri da pottokak ezagutzera, baina ia guztiak kanpokoak izan dira, ez Euskal Herrikoak».
Horretarako ikastetxeekin harremanetan daude egun, eta herritarrek erantzuten dutenean, eskaera sortuz, hurrengo fasea hasiko dute, pottoken, eta, oro har, animalia autoktonoen inguruko parke tematikoa gauzatu arte. «Pottokak ikuskizunen bidez emango ditugu ezagutzera. Gaztetxoei zuzendutako zentroa izango da, eta proba eta txapelketa nazionalak eta nazioartekoak egingo ditugu han». Egun Arroa Goian formakuntzarako duten azpiegitura erabiliko dute horretarako. «Faseetan aurrera egin ahala handitu egingo dugu, 12 hektareako gune bat egin arte». Adierazi duenez, 500 ikuslerentzako lekua izango du.
«Proiektua berritzailea eta erreferentea izango da», adierazi dute egitasmoaren arduradunek. Horien arabera, Espainiako
Estatuan ez dago pottokei zuzendutako gisa honetako gunerik. «Lehenengo zentroa izango da pottokekin proba hipikoak egiten direna». Eskaera «finkatzen bada» bost urte barru gauzatzea aurreikusten dute.
(A.O./Hitza)
Gizarteratzea, lehen lana
Jakin badakite, ordea, «proiektu handia» dela, eta herritarren erantzunak goitik behera baldintzatuko duela prozesua. «Finantzazioak ez gaitu kezkatzen, herritarren harrerak baizik». Azaldu dutenez, Europako Batasunak edota
Urkomek finantziatuko lukete proiektua, eta Eusko Jaurlaritzarekin eta Aldundiarekin elkarlanean ari dira. Beraz, lehenengo gizartean errotu nahi dute jarduera. «Euskal Herrian ez dago halako jardueterako kulturarik. Erresuma Batuarekin eta Frantziarekin alderatuz gero, hogei urte atzetik goaz. Frantzian, esaterako, industria hipikoarekin lotutako 800.000 lanpostu daude». Horretarako, lanketa berezia ari dira egiten Sastarrainen, eta gutxien praktikatzen diren kirolak sustatzeko eskola kirola ezartzeko asmoa dute gaztetxoentzat. «Askok futbolera eta saskibaloira jotzen dute, baina kirol horietan parte hartu nahi ez duenak bestelako ekimenetan aritzeko aukera izan dezan nahi dugu. Batzuk arriskutsutzat eta elitistatzat jotzen dute hipika, baina modalitate asko daude». Dagoeneko abiatu dute zerbitzua, eta besteak beste Amber Bradley irakasle ingelesak eskainiko ditu saioak, eta gaztetxoek hizkuntza hori ere praktikatu ahalko dute.