Gaur 10:00etan ekingo diote 35/02 sumarioaren epaiketaren bigarrengo blokeari, eta 110 herriko taberna eta elkartetako ordezkariak hasiko dira deklaratzen. Horiek arduradun zibil gisa deklaratuko dute, ez inputatu bezala. Dena den, baliteke epaileak taberna eta elkarte horien aurkako neurriak ezartzea. Eskualdeko Azkoitiko Zakela Kultur Elkartea, Azpeitiko Orkatz Kultur Elkartea, Getariko Harralde Kultur Elkartea, Zarauzko Arrano eta Zumaiako Inpernupe daude auzian. Haientzat zortzi eta hamabi urte bitarteko kartzela zigorra eskatu du akusazioak, ETA finantzatzea leporatuta.
Azpeitiko ordezkariek HITZA-ri jakinarazi diotenez, atzo 03:00etan autobusez abiatzekoak ziren eskualdeko auzipetuak Madrilera. Gipuzkoarrak elkarrekin joatekoak ziren.
«Esplizituki» bereizi
Atzo amaitu zuten herriko tabernen epaiketaren lehenbiziko blokea. Besteak beste, Joseba Permach Zarauzko bizilagunak deklaratu zuen Espainiako Auzitegi Nagusian, Madrilen. Haren abokatuaren, Iñigo Iruinen galderei soilik erantzun zion. Batasuna legez kanpo utzi ostean ere jarduera politikoan jarraitu zuela adierazi zion, baina inork ez ziola hori egitea debekatu gogoratu zuen.
Era berean, ukatu egin zuen ETAren agindupean lana egin izana bere ibilbide politikoan: «Horrek ez dauka zentzurik». 1992-1995 artean Donostiako Udalean Herri Batasunako zinegotzia zein 2004etik 2005era Sozialista Abertzaleak Taldeko Legebiltzarkidea izan zenean «arlo politikoan» jardun zuela nabarmendu zuen, eta «beti hauteskunde programa oinarri hartuta» aritu zirela lanean.
Aurrez beste auzipetu batzuek esandakoa berretsi zuen, bestalde: Espainiako gobernu eta alderdi politiko desberdinek ere «esplizituki» bereizi egiten zituztela HB, EH edo Batasuna eta ETA. Haientzat ez zirela «gauza bakarra», alegia. Hori erakusteko Jose Maria Aznarren gobernuan egindako bi bilera aipatu zituen Permachek atzo herriko tabernen auzian: bata Burgosen ETArekin egindakoa, eta bestea, Zurichen (Suitza) ezker abertzalearekin egina. «Gobernuak argi zeukan zer zen ETArekin biltzea eta zer Batasunarekin».
Era berean, 1998an bitartekari baten bidez Espainiako Barne Ministro ohi Jaime Mayor Orejaren mezuak jaso zituela eta PSOEko idazkari nagusiarekin, Alfredo Perez Rubalcabarekin Nafarroan bildu zela gaineratu zuen. Eta horrek erakusten duela «bi gauza» zirela «guztiek ikusi» zutela.
ETAko buruzagi izatea leporatuta, 12 urteko kartzela zigorra eskatu dute harentzat. Zarauztarraz gain, Pedro Felix Moralesek eta Andres Larreak ere deklaratu zuten atzo 35/02 makroepaiketako bosgarren saioan.
Pasa den asteartean, berriz, 34 auzipetuetatik 11 igaro ziren epailearen aurretik, guztiak Mahai Nazionaleko kideak izandakoak. Horiek, Permachen antzera, adierazi zuten «alderdi guztiek ETAtik bereizitako mintzakidetzat» zutela HB.