Joseba Permachek ukatu egin du ETAren aginduetara lan egin izana

Urola Kostako Hitza 2013ko urriaren 29a

Joseba Permachek amaitu du deklarazioa Espainiako Auzitegi Nagusian 35/02 sumarioaren epaiketan. Batasuna legez kanpo utzi ostean ere jarduera politikoan jarraitu zuela adierazi dio epaimahaiari, baina inork ez ziola hori egitea debekatu gogoratu du. Era berean, ukatu egin du ETAren agindupean lana egin izana bere ibilbide politikoan. Donostiako Udalean zein legebiltzarkide gisa lanean zebilenean "arlo politikoan" jardun zuela nabarmendu du eta "beti hauteskunde programa oinarri hartuta". Beste auzipetu batzuek esandakoa berretsi du, bestalde: Espainiako gobernu eta alderdi politiko desberdinek ere bereizi egiten zituztela HB-EH-Batasuna eta ETA. Haientzat ez zirela gauza bakarra. Hori erakusteko Jose Maria Aznarren gobernuan egindako bi bilera aipatu ditu zarauztarrak: bata Burgosen ETArekin egindakoa, eta bestea, Zurichen (Suitza) ezker abertzalearekin egina. Era berean, 1998an bitartekari baten bidez Jaime Mayor Orejaren mezuak jaso zituela eta Alfredo Perez Rubalcabarekin Nafarroan bildu zela gaineratu du. Beraz, "bi gauza" zirela "guztiek ikusi" zutela esan du. ETAko buruzagi izatea leporatuta, 12 urteko kartzela zigorra eskatu dute Permachentzat. Zarauztarraz gain, Felix Morales eta Andres Larreak ere deklaratu dute gaur. Horrekin epaiketaren lehenbiziko blokea bukatu dute. Bihar 10:00etan ekingo diote, berriz, bigarrengoari, eta 110 herriko taberna eta elkartetako ordezkariak hasiko dira deklaratzen. Azpeitiko ordezkariek HITZAri jakinarazi diotenez,  gaur 03:00etan autobusez abiatuko dira eskualdeko auzipetuak Madrilera. Gipuzkoarrak elkarrekin joango dira.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide