Zestoako Bainuetxeko langileek aurre akordioa egin dute zuzendaritzarekin

Urola Kostako Hitza 2013ko urriaren 28a

Joan den ostiralean lan baldintzen gaineko aurre akordioa hitzartu zuten Zestoako Bainuetxeko langileek enpresako zuzendaritzarekin. Lortutako aurre akordio horren eraginez, langileek %13ko murrizketa izango dute oro har, aurrez enpresak ezarri zien %40aren ordez. Hiru urterako akordioa izatea adostu dute oraingoz, 2015eko abenduaren 31 artekoa. Ultra aktibitatea, berriz, bi urte gehiagokoa izatea da aurre hitzarmen horretan jaso dutena. Joan den ostiralean lotutako aurre akordioaren arabera, bainuetxeko langileek hileroko soldata %10 gutxiagokoa izango dute, eta urteko lanaldia 17 ordu gehiagoko; guztira, 1.740 ordukoa. Ordu sindikalak, berriz, 40tik 15ra jaitsi dizkiete. Aintzinatasuna ekainaren 30a artekoa gorde egingo diete, «izoztuta»; aurrerantzean, ordea, aintzinatasuna hiru urtekoa izan beharrean bost urteka izango dute langileek. Baina Gipuzkoako ostalaritzako gainontzeko puntu guztiak akordiora ekartzekotan edota gehitzekotan ere gelditu ziren joan den ostiralean. Langileen ordezkari sindikalek aurre akordioaren alde positiboak nabarmendu dituzte: «Soldataren jaitsiera %40ekoa izan beharrean, %10ekoa izatea da aurre akordioan lotu dena. Horrez gain, hiru urtekoa izanda epe horretarako baldintzak lotzea da asmoa, eta 60 lanpostuei heltzea. Kontuan hartu behar da ultra aktibitatea hiru urte horiez gain beste bi urtera luzatuko dela». Zestoako Bainuetxearen bezero gehienak Imsersoren bidez heltzen dira bertara; urtero 5.900 plaza eskaintzen ditu erakunde horren bidez. Hamabost egunetik behin 200 bezero hartzen ditu Zestoako Bainuetxeak, eta gainontzeko 50 plazak, denboraldiaren arabera, beste eskaintza batzukin betetzen ditu. Joan den astean lotutako aurre akordioan, Espainiako lan erreforma bainuetxeko langileei ezartzea enpresak Imsersorekin duen kontratuarekin lotu dute. Eskubideen alde, abuztutik Zestoako Bainuetxeko langileek joan den abuztuan hasi zituzten lan baldintzetan ezarri zizkieten murrizketen kontra protestak. Bainuetxea kudeatzen duen Tres Mares enpresak Espainiako Lan Erreforma kontuan hartuta hainbat murrizketa ezarri zielako. Ordutik, elkarretaratzeak, greba egunak, giza katea eta abar egin dituzte langileek. Tres Mares enpresaren egoitza aurrera Santanderrera (Kantabria, Espainia) joan ziren langileak eta baita Madrilera Imsersoren arduradunekin hitz egitera ere. Orain zuzendaritzarekin adostu duten aurre akordioa lan gatazkari «irtenbide duin» bat emateko aukera dela uste dute langileen ordezkari sindikalek, «etorkizunerako hainbat kontu lotzeko bide ematen dute eta gure asmoa oraingo 60 lanpostuei heltzea da». Bainuetxean lan egiten dutenen gehiengoa herrikoa bertakoa da eta behargin kopurua kontutan hartuta Zestoako bigarren enpresa handiena da bainuetxea.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide