Iraultza arabiarraren aurpegia

Aritz Mutiozabal 2013ko urriaren 29a

Maurice Weiss-ek iraultza arabiarra jaso zuen irudietan (Argazkia: Maurice Weiss) Alde batetik, Egipto, Tunisia eta Libia. Bestetik, Jörg Brü̈ggemann, Tobias Kruse eta Maurice Weiss. Hiru herrialde-Hiru begirada erakusketa paratu du Photomuseum Argazki eta Zinema Museoak, aipatutako argazkilari alemaniarrek herrialde haietan ateratako argazkiekin. Ostkreuz argazki-agentzia berlindarreko kide modura, Afrikako iparraldean barneratu zen hirukotea iraultza arabiarraren denbora nahasietan, eta han bizitakoa  eta iruditan jasotakoa ikus daiteke orain erakusketan. Era horretan, nazioarteko egungo fotokazetaritzaren jarduna ezagutzeko aukera eskaintzen du argazki museoak; abenduaren 14a bitartean bisitatu ahal izango da. Argazkilariek hiru herrialde horietako errealitatea izan zuten jomuga, 2011an bidaiatu zutenean. Brüggemann-ek Egiptoko gazteriaren itxaronaldia hartu zuen iruditan. Hosni Mubarak-ek dimititu eta ondorengo hilabeteak ziren. Oraindik konstituzioa onartu gabe, armadak bere botereari heldu nahi zion, eta indar islamistak elkartzen ari ziren. Giro nahasi horren erdian gazteria bere bidea topatzen saiatzen ari zen, eta gizarte berri hori islatzen dute Brüggemann-en argazkiek;  maitasunaren eta politikaren artean gazteak bizitza arrunta egin nahian, alegia. Tobias Kruse-k, bere aldetik, Tunisian eta Egipton iraultza dokumentatu zituen, aldaketaren erdian dagoen gizarte arabiar polifazetikoa irudikatuz. Tunisian, ordura arteko gobernua erorita, Jenerala deituriko musikariari lagundu zion; honek iraultzari doinua jarri zion bere musikarekin. Kruse-ren irudiek musikaria bera eta bere jarraitzaileak erakusten dituzte, ekonomikoki eta politikoki egoera tirabiratsuari aurre egiten, bizimodu askeago batekin. Egipton, bien bitartean, Mubarak-en aur­kako altxamenduaren erdian aurkitu zen. Mundu arabiarreko protestak jaso zituen argazkitan. Gizarte tradizionalaren eta modernoaren arteko talka eta banaketa, hain zuzen ere. Erretratu intimoen indarraz baliatuta,  asaldura positiboaren eta etorkizun zalantzagarriaren arteko belaunaldi gaztearen irudia erakusten du argazkilariak. Magrebeko autobian barrena Alexander Smoltczyk kazetaria bidaide zuela,  1 zenbakidun errepide transafrikarra zeharkatu zuen Maurice Weiss-ek . Magrebeko autobia bezala ezaguna, eta herri afrikarren elkarlanerako sinbolo bihurtua. Weiss-Smoltczyk bikoteak iraultza arabiarrak dokumentatu zituzten bere egoera guztietan. Marokokotik hasi eta Egiptoraino; mendebaldetik ekialderaino, hain zuzen ere. Marokoko monarkiak bere indar guztiekin altxamenduei aurka eginez atzeman zituzten, baita Libiako matxinoek euren garaipena ospatzen jarraitzen zuten tokia ere. Egipton, bidaiaren amaieran, iraultza hasierako momentuko zirrararen beldur ziren ekintzaileak aurkitu zituzten. Ostkreuz argazki-agentzia, argazkilari sarituen abiapuntua 1990ko udazkenean argazki-agentzia bat sortzeko asmoz zazpi lagun elkartu ziren Berlinen, eta S-Bahn-eko geltokiaren izena hartu zuten: Ostkreuz. Hogei urte geroago, argazkilariek zuzendutako Alemaniako agentzia arrakastatsuenetariko bat da. Hemezortzi kide ditu, eta ia denek Alemaniako eta nazioarteko sari entzutetsuak irabazi dituzte. Ostkreuz agentziko argazkilari bakoitzak errealitateari bere begiekin begiratzen dio, bakoitzak bere estiloa erabiliz, baina guztiek abiapuntu eta  helburu bera dute: errealitate hori mundu osoari gerturatzea, ahalik eta modurik zintzoenean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide