Helburuak egokitzea, arrakastaren gakoa

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2013ko urriaren 29a

Iaz Urola Kostako 550 korrikalarik parte hartu zuten Behobia-Donostia lasterketan. (Argazkia: Pello Ibargarai) Behobia-Donostiak herritarren artean sortzen duen zirrara ikusita, Olaboik Behobia-Donostia lasterketa psikologikoki prestatzeko tailer irekia emango du Haritz Olaboi kirol psikologoak gaur, 18:30etik aurrera, Zumaiako Foronda jauregian. «Alderdi fisikoaz gain, psikologikoak ere zeresan handia du Behobia-Donostia moduko lasterketa batean», azaldu du kirol psikologoa. Helburua gozatzea Behobia Donostia lasterketan lehiatzen den parte-hartzaile bakoitzak eskakizun maila jakin bat izan ohi du, bere mailaren arabera. «Norberak bere sasoi maila ezagutzea, eta horren araberako helburuak markatzea oso garrantzitsua da». Helburu horiek, ordea, ez dute marka edo denborari dagozkienak izan beharrik. «Lasterketaz gozatzea ere helburua izan daiteke, bere horretan. Denok ezagutzen dugu Behobia-Donostia, parte-hartzaileen eta ikusleen artean giro ezinhobea sortzen delako. Beraz, ordulariari begira ibili beharrean, zergatik ez dugu helburu gisa lasterketaz gozatzea jarriko?». Bestalde, Olaboiren iritziz helburuak egoeraren arabera aldatzea ere oso garrantzitsua da, kanpoko faktoreek zuzenean eragiten baitiote korrikalariari. «Helburuek ase egin behar gaituzte, baina ez ditugu obsesio bihurtu behar. Duela bi urte, esaterako, bero handia egin zuen lasterketa egunean, eta korrikalari askok beren helburua egokitu beharrean, euren marka gainditzeko esfortzu handia egin zuen. Azkenean, jende askok ez zuen lasterketa amaitzerik izan, eta bat baino gehiago Gurutze Gorriak artatu behar izan zituen», azaldu du. Atsedena hartzeko bi aste Behobia-Donostia lasterketa urtez urte indarra hartzen joan da, eta aurten 30.000 lagunek parte hartuko dute bertan. «Lasterketetan, oro har, gero eta jende gehiagok parte hartzen du, baina Behobia-Donostia berezia da. Denok ezagutzen dugu inoiz bertan parte hartu duen norbait, eta horrek lasterketa mitifikatu egin du. Bestalde, giroari dagokionean ere berezia izaten da. Ibilbide osoan zehar jendea biltzen da korrikalariak animatzeko, eta animo oihuek aurrera jarraitzeko indarra ematen diete parte-hartzaileei». Dena dela, Behobia Donostia proba herrikoia bihurtu izanak «lasterketaren zailtasun maila gutxiestera» eraman dezakeela uste du Olaboik. « Jendeak pentsatu dezake edonork egin dezakeela lasterketa, baina argi dago lasterketa egiteko ondo prestatu beharra dagoela; 20 kilometroko lasterketa da, eta bi aldapa garrantzitsu ditu», zehaztu du kirol psikologoak. Behobia-Donostia prestatzerakoan, kirol psikologoaren esanetan, «konstantzia da giltza». Urtean bizpahiru aldiz ariketa egin, eta «lasterketa baino hiruzpalau hilabete lehenago Behobia-Donostia proba prestatzeko entrenamendu espezifikoa egiten duenak gorputza pixkanaka-pixkanaka ohitu egingo du». Lasterketarako bi aste eskas falta direnean, prestaketa fisikoak egina izan beharko lukeela uste du Aritz Olaboi kirol psikologoak. «Oinarriak egina izan beharko luke, eta azken asteetan garrantzitsuena intentsitate handirik gabe lortu dugun maila lantzea eta atseden hartzea da. Aste honetan intentsitate handiko entrenamenduren bat sartu dezakegu, baina ezin dugu gorputza behartu».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide