Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Ines del Rioren inguruan emandako ebazpena «antzeko egoeran» dauden presoei ezarri behar zaiela ebatzi du Espainiako Auzitegi Nazionalak. Hala irakur daiteke Juan Manuel Piriz preso ohia askatzeko adostu duten autoan.
Estrasburgoren 197/2006 doktrinaren gaineko ebazpenak Ines del Rio preso ohiaren kasutik haragoko eragina duela erabaki du auzitegiak. Honen arabera, Del Rioren inguruko ebazpenak eragina du preso ohiaren kasutik harago ere, eta «antzeko» egoeran dauden preso guztietan ezarri behar da Estrasburgoren irizpidea. Hori argudiatuta askatu zuten ostiralean Piriz.
Hamazazpi epailetik hamaseik bozkatu zuten Piriz libre uztearen alde, eta Jose Ricardo de Prada epaileak idatzi zuen autoa. Honek argudiatu du Europako Giza Eskubideen Auzitegiak agerian utzi duela Parot doktrina-ren eta Europako Giza Eskubideen Konbentzioaren arteko «bateraezintasuna». Gaineratu du Estrasburgoren epaia ez betetzeak «nazioarteko betebehar juridikoak urratzea» eta «Europatik eta bere zibilizazioko zentzutik aldentzea» baino ez lukeela eragingo. Auzitegi Nazionaleko Zigor Aretoak osoko bilkura egin zuen ostiralean, eta bertan aztertu zuten doktrina ezarria duten presoen helegiteen aurrean nola jokatu. Zentzu honetan, epaia kasu berean daudenei «berehala» aplikatzea beste aukerarik ez dagoela esan zuen atzo Marc Muller abokatuak, Del Rioren defentsa egin duten abokatu taldearekin batera emandako prentsaurrekoan. Epaiaren balorazio juridikoa egin zuen Mullerrek, argi esanez Espainiaren «barne arazoetan» ez zela sartuko, baina eskubide batzuk urratu direla, Europako Auzitegiak onartu duela, eta eskubide urraketa hori bukatzeko epaia aplikatu behar dela Del Rioren auzian ez ezik, gainerakoetan ere.
Europako Giza Eskubideen Auzitegiak joan zen astelehenean baliogabetu zuen Parot doktrina, eta Del Rio azken bost urteetan legez kanpo egon dela preso ebatzi zuen. Haren egoeran, 197/2006 doktrinaren pean, ia 60 presok jarraitzen dute, tartean Maritxu Uzkudun errezildarrak, Juan Karlos Arruti Paterra azpeitiarrak, eta Luis Mari Lizarralde Arume azkoitiarrak; azken hau erdi askatasun erregimenean dago.
Dagoeneko helegiteak jarrita dituzte Auzitegi Nazionalean, baina senideak tantaka ari dira jasotzen informazioa, eta oraindik ez dakite auzitegiak zer modutara aztertuko dituen senitartekoen kasuak. «Zain egotea besterik ez daukagu», adierazi du Begoña Uzkudunek, Maritxu Uzkudunen ahizpak. Joxe Arrutik, Juan Karlos Arrutiren anaiak, ere ez daki anaiaren gaineko kasua noiz jorratuko duten. «Dagokigun astean izango dugu horren berri, uste dut». Anaia bisitatzera joanda dago Joxe Arruti, eta adierazi du ebazpenaren ondotik «oso gustura» eta «animatuta» dagoela presoa. Aldi berean, zuhurtziaz hartu du berria: «Ez dakigu zer gertatuko den, eta hankak lurrean eduki behar ditugu oraindik».