Txepetxa elkarteak 30 urtetik gora daramatza Erregeen Zamalkada antolatzen. 1980ko hamarkadan hasi ziren eta urtetik urtera handitzen, hobetzen eta antolaketa zailtzen joan da. Aurten, ordea, ardurarekin ez jarraitzea erabaki dute. Elkartean bildu gara zuzendaritzako lau kiderekin, beraien azalpenak eta arrazoiak jasotzeko.
“Kaleko jendeak gure erabakia ulertuko badu, lehenik eta behin, jakin behar du zer nolako lana den zamalkada eta haren inguruan antolatzen diren kontu guztiak aurrera ateratzea. Gurea bezalako elkarte txiki batentzat sekulako ahalegina suposatzen du”, azaldu digute zuzendaritzako kide Isaac Garate (presidentea), Benito Armendariz (idazkaria), Luis Davila eta Iratxe Albizuk. “Zamalkada aurrera atera ahal izateko hamar bat lagunez osatutako talde bat sortu zuen Txepetxak bere garaian. Talde hori irailean hasten da lanean, eta hiru hilabetez egunero jarduten du prestaketa lanetan”. Hamaika dira egin beharrekoak: “Karroza berriak prestatu, materiala erosi, baserritarrekin hitz egin animaliak lortzeko, zamalkadarako jendea lortu (40 lagun behar dira, ia elkarte osoa), taldeak antolatu, jaiotzaz arduratu, zamalkadaz aparte egin beharreko bisitak, gutunak jasotzea, zamalkadaren egunerako ibilbidea lotu udaltzainekin, bandako zuzendariarekin, asegurua kontratatu zamalkadarako, dena bukatutakoan material guztia jaso, fakturak bildu, sailkatu, Udalari aurkeztu… Eta beste dozenaka lan txiki. Irailean hasi eta martxora arte ez dira amaitzen kudeaketa lanak”.
Arazoak lokalarekin
Garai batean, zaldiekin egiten zuten zamalkada, baina urteak badira karrozak erabiltzen hasi zirela. Emaitza ikusgarriagoa da, baina lana zailtzen du. Karrozak erakitzeko, Estazioko industrialdean Udalak daukan pabilioi bat erabiltzen hasi ziren. Lokal hori udaleko brigadaren egoitza da. Detailetan sartzeko premiarik ez dago, baina garbi dago hiruzpalau hilabetez lanerako espazioa konpartitu behar izateak arazoak eta desadostasunak sortu dituela karrozagile eta udal langileen artean. Tentsioa areagotuz joan da urtetik urtera, iaz giroa erabat gaiztotu zen arte.
Egoera ikusirik, Udalak erabaki zuen bi jarduerak ez zirela bateragarriak, iazko zamalkadako karrozak han egingo zirela baina aurrerantzean beste egoitza bat erabili beharko zuela Txepetxako lan taldeak. Arrauneko lokal berria eta Udalak Beduan daukan pabilioia eskaini zitzaien. Txepetxan ez daude ados: “Proposatu zizkiguten bi lokalak ez dira batere egokiak, espazio arazoengatik eta kokapenagatik. Gure lana asko zailduko litzateke. Guk uste dugu lokal egokiena orain arte erabili duguna dela. Adostasun batera iristeko gai izan beharko ginateke sortu diren tentsioak gainditzeko eta hiru hilabetez lokalaren zati bat –laurdena– guk erabili ahal izateko”. Gogorarazi nahi dute zamalkada ez dela beraien ekitaldi pribatu bat: “Errege Zamalkada ez da Txepetxarena, zumaiarrena baizik. Guk antolatzen dugu herriarentzat, eta horregatik Udalari erraztasunak, babes handiagoa eta egindako lanaren errekonozimendua eskatzea zilegi dela iruditzen zaigu. Azken urteotan aurrekontua jaitsi egin da eta hori ulertu dugu, badakigu ekonomia nola dagoen eta horrekin ez da arazorik izan; baina ez dugu ulertzen zergatik jartzen zaizkigun oztopoak gure lana egiteko”.
Batzarraren erabakia
Lokalarekin sortutako tentsioak eten zuen soka. “Soka zaharra zen”, aitortu dute. “Zamalkadaz arduratu den taldeak urte asko zeramatzan lanean, urtetik urtera nekea eta tentsioa pilatzen dira; iaz hainbeste tenkatu zen soka eten egin zela”. Zamalkadaz arduratzen zen batzordeak dimisioa eman zuen, eta Txepetxa elkarteak erabakia hartu beharra zuen: aurrera jarraitu edo ez. Jarraitzekotan, talde berri bat osatu beharra zegoen. “Otsailean batzarrera deitu genituen bazkideak. Gaia sakon aztertu genuen, eta azkenean bozketan ezezkoa nagusitu zen: 37 ezetz, lau baietz eta lau zuri”. Zamalkada gehiego ez antolatzea erabaki zuten Txepetxako bazkideek. “Pena handiarekin, harro baikeunden, baina modu txarrean jarraitzeak ez zuela merezi erabaki zen”.
Martxoan gutuna bidali zitzaion Udalari bazkideen berri emateko, eta ondoren aurrez aurreko bilera ere egin zuten udal ordezkariekin azalpenak emateko. Udalak deitu berri duen bileran Txepetxako kide bat izan da. “Beste talderen batek hartzen badu antolatzeko ardura gu prest gaude laguntzeko, ikasi dugun guztia erakusteko, zer gestio egin behar diren azaltzeko; alde horretatik Txepetxa kolaboratzeko prest dago”.