Igandeko ekimenerako dei eginez egin duten kartela
Espainiako abokatuen eta Carlos Urkijo Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariaren "jarrera zapaltzailea" salatu eta Zarauzko Udalari babesa agertzeko mosaiko erraldoia egingo dute igandean. Zarauzko Udalbatzak hizkuntza irizpideak berritzeko erabakia hartu zuen otsailaren 27an gehiengoz, eta besteak beste, udala herritarrekin euskara hutsean—hitzez zein idatziz— komunikatuko dela adostu zuen. Orain Espainiako abokatuak auzitara eraman du Zarauzko Udala, "herritarrekiko tratua nahiz kontratazio publikoak euskaraz egiteak legea urratzen duela argudiatuta". "Gure nahiak guztiz zilegiak dira", nabarmendu du Zarauzko Euskal Herrian Euskaraz taldeak: "Munduko beste edozein herritar bezala bizi nahi dugu, gure hizkuntzan". Hori aldarrikatzeko "ekimen eraikitzaile eta parte-hartzailea" antolatu dute azaroaren 3rako, hizkuntza irizpideak ezarri dituzten udalei babes osoa emateko. Hala, Munoa plazan elkartuko dira 11:00etan eta ondoren hondartzan mosaiko erraldoi bat osatuko dute, hizkuntza irizpideak errespeta daitezen eskatuz. Ondoren, kalejiran udaletxe aurrera joango dira eta bertan hamaiketakoa egin.
Zarauzko Udalak aurten euskaraz bizitzeko bidean "pausu garrantzitsuak" eman dituela esan du EHEk: Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean sartu da, eta hizkuntza irizpideak berritzea erabaki du. "Irizpideetan euskarari lehentasuna ematen dio udalak, euskararen normalizaziorako beharrezkoa dena", ohartarazi du. "Bada garaia gure hizkuntzan lasaitasun osoz bizi gaitezen". Hori dela eta, Espainiako abokatuaren "erasoaren" dimentsioa "oso handia" dela salatu du. Horren aurrean, "euskaraz bizitzen segitzeko eta Euskal Herri euskaldunaren alde borrokatzeko" konpromisoa berretsi du taldeak, eta herritarrak batzera deitu dituzte: "Guztion artean lortuko dugu Euskal Herri euskalduna".