Azpeitiko hainbat emakumek bat egin du azaroaren 9ko manifestazioarekin

Onintza Lete Arrieta 2013ko urriaren 25a

Azpeitiko Emakumeen Topaketetan bat egin zuten azaroaren 9ko ekimenarekin (Hitza) Azpeitian lan eta bizi. Duintasuna herritarrontzat lelopean manifestazioa deitu dute azaroaren 9rako. Azpeitiko hainbat eragile ari da egitasmoarekin bat egiten, eta hala egin dute Azpeitiko hainbat emakumek ere; hain zuzen, joan den asteburuan Azpeitiko Emakume Topaketetan parte hartu zuten emakumeek. "Bizi dugun krisi egoerak eta honen aurrean egin diren erreforma eta aldaketek emakumeongan eragin zuzena dute", azaldu dute. Hainbat arrazoi eman dute horren inguruan. Langabezia emakumeengan izaten ari den eragina, esaterako: "Langabezia sufritzen aurrenekoak izan dira lan kontratu mugatuak eta murriztuak zituztenak; emakumeei eragin die bereziki, emakume askok mota hauetako lan kontratuak dituztelako. Sektore publikoko murrizketek ere beraiei eragin die gehien, bertako langileen gehiengoa emakumezkoa delako". Osasungintza eta hezkuntza bezalako sektoreak aipatu dituzte. Gizarte Zerbitzuekin lotutako arazoez ere ez dira ahaztu. "Horko murrizketek ere zuzenean eragin die emakumeei. Zerbitzu horiek murrizteak etxeko lana biderkatzea ekarri du. Batez ere zaintza lanetan gertatu da, oraindik ere emakumeen bizkar erortzen direlako halako lanak". Arrazoi horiexek eman dituzte topaketetako parte-hartzaileek, azaroaren 9an protestara deitzeko azpeitiarrak.    

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide