Udal gobernua hasi da Zarautz Ehuntzen planean jasotakoak betetzen. Aste honetan Igeraineko eremu batzuk garbitu ditu, eta hurrengoan Astierreka garbitzen jarraituko du. (Argazkia: Zarauzko Udala)
Oposizioko kideen artean hautsak harrotu ditu
Zarautz Ehuntzen proiektuak. Duela bi aste aurkeztu zituen udal gobernuak herritarren bizi kalitatea hobetzeko 100 planak; lehenbizi udal langileen aurrean, eta gero herriko eragileen aurrean. Udal Gobernuak PP, PSE-EE, Ezker Anitza eta EAJko kideak azken bilera horretara gonbidatu bazituen ere, horiek «tramite bat aurreztu» eta gainontzeko udal taldeak «baztertu» dituela nabarmendu zuten. «Parte hartzearen izenean gutxietsi egin gaituzue», aurpegiratu zien PSE-EEko bozeramaile Patxi Elolak udal gobernuko kideei. Hori dela eta, plana azaltzeko ezohiko plenoa egiteko eskatu zioten Udal Gobernuari, eta herenegun egin zuten.
Gari Berasaluze Bilduko zinegotziak azaldu zien herritarren ekarpenekin eta batzordeetan landutakoekin osatu dutela plana. Herritarren ongizatea izan dutela kontuan, eta etorkizuneko baloreak sustatu nahi dituztela: mugikortasun iraunkorra, hondakinen kudeaketa arduratsua, eta beste hainbat. «Plan errealista da, ez dugu postaletako herria saldu nahi, ezta promesa faltsuak egin ere». Planak ez duela «kritikarako lekurik» nabarmendu zuen Berasaluzek, eta erronka horri elkarrekin «arduraz» erantzutea dagokiela. Aralarreko Aser Lertxundik «gobernatzeko garaia» dela ohartarazi zuen, eta horretarako herritarrei «garbi» esan behar zaiela zer egiteko asmoa duten. Horretarako hainbat tresna jarri du udal gobernuak zarauztarren eskura: 100 planak azaltzen dituen webgunea eta aldizkaria, adibidez.
Kritikak jaso jaso zituen, ordea. Ehun planetatik gehientsuak udalak egunero egin ohi dituen lanak—kaleak asfaltatu eta konponketak, besteak beste— direla nabarmendu zuten oposizioko kideek, eta beste asko aurreko legealditik datozela. Zarautz Ehuntzen plana udal gobernuaren «marketin politiko hutsa» dela salatu zuten. «Udal gobernuaren propaganda da, herritar guztion diruarekin ordainduta», esan zuen, esaterako, Ezker Anitzako Mariana Aranburuk. «Udal Gobernuak bere burua lausengatzeko sortu du proiektu hori».
Iñaki Eizagirre Ogasun zinegotziak (Bildu) jakinarazi zien aldizkaria diseinatu eta banatu eta webgunea martxan jartzea zenbat kostatu den: 21.821 euro. Aralarreko Aser Lertxundik «sortarazten duen ilusiorako kostu txikia» dela gaineratu zuen.
Kostu hori, ordea, udal gobernuak berak hartu beharko lukeela bere gain esan zuen Maria Jose Lafuentek, PPko zinegotziak. «Proiektu hori udal gobernuarena da, eta, beraz, hark ordaindu beharko luke, eta ez udalak».
Ilusioa beharrean, planak «kea saltzen» duela uste du Lafuentek. «Zerrenda bat besterik ez» dela deritzo Aranburuk, eta ez duela «ezer zehazten». Horrez gain, zenbait egitasmo garrantzitsu —Irita, Kortazar eta Salberdin, besteak beste— aipatu ere ez dutela egin gogoratu zuen, eta zenbait alor ere ez dutela kontuan izan—langabezia, hezkuntza publikoa eta etxebizitzak, esaterako—. Hori dela eta, «desengainu handia» sentitu du Ezker Anitzako zinegotziak.
Inkoherentzia
Elolak «seriotasun faltaz eta inkoherentziaz» jokatu izana leporatu zion, eta plan hori udal gobernu batentzat «oso gutxi» dela nabarmendu. «Hogei bat proposamen eguneroko lanei dagozkie, beste 49 aurreko legealditik datoz, eta laupabost, berriz, hausnarketarako dira». Proposamen berriak gehitu dituela bai, baina asko beste instituzio batzuen eskumenekoak direla adierazi zuen; Santa Klarako pasabidea eta Nafarroa kaleko biribilgunea egitea, kasu.
Bestalde, zenbait planek «min egin» diela jakinarazi zien; maskota eta pertsonen arteko bizikidetzarako kanpainak, eta gatazka politikoaren biktimen zerrenda egin eta berradiskidetzearen ingurukoak, esaterako. «Biktimak aipatu eta ETAren
terrorismoa kamuflatu duzue horren baitan». Harekin bat egin zuen Ezker Anitzako zinegotziak. Era berean, «zarauztarren artean puskatutako zubiak berreraiki eta horiek berradiskidetzeko borondatea beharrezkoa» dela nabarmendu zuen PSE-EEko bozeramaileak. «Ez genuke inolaz ere babestuko».
Jokabide horrekin udal gobernuak «zubi asko puskatu» dituela ohartarazi zuen EAJko bozeramaile Imanol Lasak. «Bi urte hauetako zuen jardunak asko kezkatzen gaitu. Hau azken urratsa besterik ez da». Eta «politika okerraren» adibidea dela nabarmendu zuen. Lasaren arabera, udal gobernuak gardentasunaren izenean «izugarrizko atzerapausoa» eman du. «Gu beti egon gara lanerako eta elkarlanerako prest, eta hala egongo gara etorkizunean ere».
Juan Luis Illarramendi alkateak hurrengo osoko bilkuran, datorren asteazkenean, planak puntuz puntu aztertuko dituztela esanez amaitu zuen plenoa.