Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
«Euskal antzerkiaren oasia» da Azpeitiko Antzerki Topaketa. Hala definitu zuen atzo Bada Teatroaren Katamarrua antzezlanaren zuzendari Urki Muguruzak. Azpeitiko XXXI. Euskal Antzerki Topaketen aurkezpenean. Lan berria estreinatuko dute topaketetan (azaroaren 9an), eta aukera hori dutelako pozik agertu zen, eta topaketak antolatzen jardun dutenak zoriondu zituen. «Guretzat oso garrantzitsua da jaialdi honetan egotea, plaza ezinhobea delako». Urriaren 31n hasi eta azaroaren 17a bitartean egingo den euskarazko antzerkiaren egitasmoan Bada Teatroarena ez da estreinaldi bakarra izango. Azaroaren 2an, Le Petit Theatre de Painek, Artedramak eta Dejabu Panpin Laborategiak Hamlet antzezlana oholtzaratuko dute Soreasun.
«Egungo euskarazko antzerki produkziorik onena» topaketetara ekartzeko Azpeitiko Udalak egindako ahalegina nabarmendu zuen Eneko Etxeberria alkateak aurkezpenean, «beti ere, euskal antzerkiari bultzada eman, eta antzerkirako zaletasuna sustatzeko asmoarekin». Topaketek iraungo duten hiru astebueruetan eskaintza zabala izango dela ere gaineratu zuen Imanol Amenabar Kultura zinegotziak.
Helduentzako antzezlanak, obra amateurrak eta alternatiboak, haurrentzako antzerkia, eta eskola antzerkia bilduko ditu jardunaldiak.
Eskola antzerkiari lotuta, Eusko Jaurlaritzak, 27 urteren ostean, aurten ez dio diru laguntzarik eman Azpeitiko topaketetako sail horri. Beraz, emanaldi horien gastuak Azpeitiko Udaleko Kultura Sailak bere gain hartuko ditu. «Hurrengorako Jaurlaritzarekin bildu eta eskola antzerkia bultzatzeko diru laguntza hori lortzen saiatuko da udala», azaldu du Amenabarrek.
Antzerki eskolen lana, plazara
Hurrengo asteburutik aurrera hamahiru antzezlan ikusteko aukera egongo da. Baina Euskal Herriko Antzerkizaleen Elkartearekin elkarlanean antolatuta eskola antzerkiak barrutik ezagutzeko aukera izango da azaroaren 3an, Azpeitiko plazan. Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteak (EHAZE) Azpeitian du egoitza, eta topaketetan aletxoa jartzen dute hauek ere. Aurtengorako I. Antzerki Eskolen Eguna antolatu dute.
Elkarteko kide Itziar Eliasek azaldu duenez, egun horretan «antzerki eskoletan egunerokoan egiten den lan hori» ezagu-tzeko aukera egongo da. «Izan ere, antzezlan bat egin aurretik egiten den lan guzti hori ez da ezagutzen». Egun horretan parte hartzera Gipuzkoako hainbat antzerki eskolatakoak gonbidatu dituzte.