Isiltasun ozena taula gainean

Aritz Mutiozabal 2013ko urriaren 25a

Zeinu bidezko lengoaiarekin kontatu dituzte istorioak Manos K Rien elkarteko kideek (Argazkia: Manuel Mayner) Manos K Rien taldeak artista gorren ikuskizuna eskainiko du igandean Azpeitiko Sanagustinen. Pertsona gorrez osatutako elkarte artistiko kulturala da Manos K Rien. Donostian du egoitza, eta 2009an abiarazi zuten proiektua, entzumen arazoak sorrarazi ditzaketen trabak gainditu eta arte diziplina oro landuz gozatzeko asmoz. Bide batez, keinu bidezko hizkuntza hedatzeko eta, oro har jendea sentsibilizatzeko helburuarekin. Igande arratsaldean, 17:00etatik aurrera, Sanagustin kulturgunean taularatuko dute beren ikuskizuna, hainbat obra txikiz osatuta. Antzerkia, mimoa, dantza eta poemak uztartuko dituzte ikuskizunean. Guztira, sei lan aurkeztuko dituzte bata bestearen jarraian: Trapezista, Arrazismoa, Bideo deia, Esku madarikatuak, Arrantzalearen ipuina eta Euria, hain justu ere. «Mimika bidezko bi lan taularatuko ditugun arren, gainerakoak keinu lengoaiaz baliatuz kontatzen ditugu. Artista guztiak gorrak gara, eta hori da komunikatzeko dugun hizkuntza», jakinarazi du Manos K Rien elkarteko kide eta idazkari Rosa Maria Rodriguezek. Keinu bidez kontatuko badute ere, ez dago pertsona gorrei zuzenduta bakarrik. Entzumen arazorik ez duten ikusleek inolako arazorik gabe gozatu al izango dute saioa. «Azken finean, gure helburu nagusiena pertsona gorren eta entzuleen arteko mugak gainditzea da, eta integrazioa sustatzea», nabarmendu du elkarteko ordezkariak. Hori horrela, itzultzaile baten laguntza izango dute Sanagustinera gerturatzen diren ikusleek istorio jakin batzuetan. «Interpretazioak keinu bidez badira ere, ahozko hizkuntzara itzuliko ditugu zuzenean. Beraz, gure hizkuntza ulertzeko arazorik ez dute izango inolako momentuan». Harrera beroa Manos K Rien elkarteak hainbat emanaldi eskaini ditu bere ibilbideari ekin zionetik. Gipuzkoan barna aritu da ikuskizunak eskaintzen, eta aurkeztu diren toki guztietan harrera beroa izan du­te. Elkarteko idazkariak azaldu duenez, «iaz Donostiako Lugaritz kultur etxean aritu ginen, eta sarrera guztiak agortu genituen. Gutxi gorabeherea, 250 lagun joan zitzazkigun ikustera. Aurten, berriz, sekulako arrakasta erdietsi dugu Antzoki Zaharrea; guztira, 457 ikusle gerturatu ziren. Badirudi egiten duguna gustuko dutela». Normalizaziorako eta integraziorako pauso garrantzitsuak, zalantzarik gabe.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide