Rosa Aramendi: "Emakume baserritarrok tokiko elkarteetan bildu behar dugu"

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2013ko urriaren 25a

(Aiora Larrañaga/Hitza) Jatorriz kaletarra bada ere, beti izan du gustuko baserriko bizitza Rosa Aramendik (Zarautz, 1968). Baserrira ezkondu zen duela 29 urte, eta ordutik baserri munduan murgilduta bizi da. «Nire gurasoak baserritarrak ziren, eta baserrian jaio ez arren, baserriko kultura txikitatik bizi izan dut». Egun baserriko lanaz gain, Hitzez Emakume Baserritarren Elkarteko lehendakaria da zarauztarra, eta pasa den astean Emakume Garapen Sortzaileen I Biltzarrean hitzaldia eman zuen. Zer moduz atera da munduko emakume baserritarren topaketa? Topaketa oso ondo atera da, eta aberasgarria izan da parte hartu dugun guztiontzat. Eskerrak eman nahi dizkiogu Zumaiako Udalari, oso jarrera ona izan baitu uneoro. Haren laguntzarik gabe ezinezkoa izango litzateke Emakume Garapen Sortzaileen I Biltzarra antolatzea. Beste herrialdeetatik etorritako emakume baserritarrak nola bizi diren ikasi dugu, eta elkarrekin esperientziak partekatu ditugu. Zer gai landu dituzue topaketan? Lehenik eta behin, kontuan hartu behar dugu munduko emakume baserritarrok arazo komunak ditugula. Gizonezkoen eta emakumezkoen artea parekidetasun eza nabarmena da landa eremuan. Emakumeak baserrian egiten duen lana ez da aitortzen, eta gizonari garrantzi handiagoa ematen zaio. Baserriko lanez gain, familiaz eta etxeaz arduratu behar izaten du emakumeak, eta askotan lan karga oso handia izaten du. Herrialdearen aberastasun mailak parekidetasun eza areagotu egiten du, gero eta herrialde txiroagoa orduan eta parekidetasun txikiagoa. Parekidetasun hori gainditzeko bidea zein da? Emakumeen ahalduntzea da gakoa. Tratu txarrak jasotako emakumeei laguntzeko Kolonbian abiatu duten Matria Proiektuko kideek ahaldutzearen inguruko tailerra eman zuten topaketan, eta asko ikasi genuen bertan. Benetan aberagarria izan zen. Zuk zeuk ere hitzaldia eman zenuen, ezta? Bai, Hitzez Emakume Baserritarren Elkarteko lehendakaria naizenez, emakume baserritarren arazoak zein diren azaldu nuen, eta horiei aurre egiteko zein urrats eman behar diren gehitu. Emakume baserritarrok arazo komunak izan arren, bakoitzak bere arazoak bakardadean pasatzeko joera izaten du. Guk jakin badakigu arazoak konpartitu eta horietaz hitz egiten denean errazagoa izaten dela horiei aurre egitea, emakumea ez baita bakarrik sentitzen egunerokoan. Ildo horretatik, garrantzitsua da elkarteak sortzea, emakumeak babestuta sentitzen laguntzen baitute. Hitzez elkartea horren adibide garbia da. Zer egiten duzue Hitzez elkartean? Emakumeok ahalduntzeko jarduerak eta ikastaroak antolatzen ditugu. Gai asko jorratzen ditugu, baserrikoa ez baita lana bakarrik, bizimodua da. Emakume baserritarron bizi kalitatea hobetu nahi dugu, eta horretarako fisikoki eta psikologikoki zaindu behar dugu. Hori lortzeko ezinbestekoa da emakumeak formartzea, euren buruan ziurtasuna izatea, eta ahalduntze prozesuan urratsak egitea. Horiek landuz pixkanaka-pixkanaka emakumea hobeto sentitzen da, eta ingurua ere hobetu egiten da. Gu indartsu bagaude, ingurua ere ziur sentitzen da. Hitzez sortu zenetik inguruko emakume baserritarren egoera hobetu al da? 2007an elkartea sortu genuenetik lan asko egin dugu. Gaur egun emakume baserritarra askoz formatuagoa dago. Gainera, beste hainbat emakume baserritarren elkarteetako kideekin ere harremana sortu da, eta hori oso aberasgarria da. Emakume Garapen Sortzaileen I Biltzarrean, esaterako, Galiziatik emakume talde bat etorri da, eta hemengo baserria nolakoa den eta nola lan egiten den ezagutu dute. Hartu-eman hori oso aberasgarria da. Baserrian pentsatzen denenean, gizonezkoen lanarekin lortzen da. Oso bestelakoa da errealitatea, ezta? Emakumearen lana ez da ikusten. Denok dakigu emakumeak baserrian lan asko egiten duela, baina ezkutuan geratzen da beti. Emakumea ondo badago, baserria ere ondo joango da. Lehenik eta behin, uste dugu etxekoek aitortu behar dutela emakumeak baserrian egiten duen lana, eta hurrengo urratsa erakundeek lan hori aitortzea da. Atzerritik etorri diren emakumeak ere zuek bezala elkartetan antolatuta al zeuden? Garapen bidean dauden herrialdeetako emakume baserritarrek parekidetasun ezaz gain beste hainbat arazo ere badute. Zenbait kasutan lurrak ez dira eurenak, ur eskasia ere badago zenbait herrialdetan, eta teknologiari dagokionean ere ez dituzte hemen ditugun erraztasunak. Testuinguru horretan oso garrantzitsua da tokian tokiko emakume baserritarrak elkartu eta elkarlana abiatzea, indarrak batuta bakarka baino gauza gehiago lortuko baitituzte. Hitzaldia amaitu nuenean eskerrak eman zizkidaten askok etorkizunari begira euren egoera hobetzeko urratsak egin zitzaketela ikusi zutelako. Egoera zailetan okerrena etsita geratzea da. Horregatik, emakume baserritarrok tokiko elkarteetan bildu behar dugu, eta oso garrantzitsua da emakume elkarteek elkarren artean harremana izatea eta sarean lan egitea.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide