"Profesional bezala oso aberasgarria ari da izaten saioa"

Urola Kostako Hitza 2013ko urriaren 24a

Bizitzak bira asko ematen dituela esan ohi da. Espero ez denean hainbat gauza gertatzen da, eta horrelako Pili Manterola, saioaren hasieran (Aitor Manterola/Hitza) zerbait gertatu zaio Pili Manterolari. Ezustean, ETBko sukalde programaren aurkezle bihurtu da. Sukaldea du lantoki, telebistan ez ezik etxean ere. Madrilen egin zituen ikasketak, eta hango Euskal Etxean Luis Irizar «maisu handiarekin» ikasi eta gero, etxeko Iribar jatetxea gobernatzera itzuli zen. Egun beteko grabazio luzearen ondoren erantzun ditu UROLA KOSTAKO HITZA-ren galderak. Zer egiten du Pili Manterolak Txoriene bezalako leku batean? Saioko arduradunek eman zidaten aukera. Casting edo aukeraketa batera etortzera gonbidatu ninduten; aurkezlea aukeratzeko zen. Deitu ondoren, lasai etorri nintzen, eta etxean —Iribar jatetxean— egiten ditugun bi plater prestatu nituen. Gustatu egin zitzaien nire lana, eta aukeratu egin ninduten udazkeneko saio batzuk egiteko. Aurreko urteko saioan ez al zinen izan gonbidatu bezala? Ez, ez. Josu Mugerza laguna izan zen saioan, eta esan zidan laguntzeko. Euskadi Irratitik atera, eta parean tokatu zitzaidan. Laguntzeko eskatu, eta saioan atera nintzen. Zer moduzko esperientzia ari da izaten zuretzat? Ona. Astero sukaldari bat gonbidatzen dugu, eta soslai ezberdinekoak direnez, konektatu egin behar izaten dut. Ezinbestekoa da hori saioa ondo ateratzeko, gero. Sukaldariok lanbide berekoak izanik, laguntzen digu erraz konektatzeko. Jatetxea duten jendea izaten da, eta nik ere badut, eta begirada batekin segituan antzematen diogu elkarri zer nahi dugun. Asko laguntzen du horrek. Irratiko lanaren eta telebistakoaren artean zer alde dago? Aurpegia jarri behar dela, eta aukera eman zidatenean saioa aurkezteko, buelta gehien horri eman nizkion, aurpegia jarri beharrari. Ardura handia da azkenean. Orain jende gehiagok ezagutuko zaitu. Baten batek galdetuko zizun «zu al zara irratikoa»? Bai. Irratian laugarren denboraldia dugu, eta askok esan didate ez zutela imajinatzen nire fisikoa horrelakoa izatea. Ahotsaren tonuagatik edo, beste itxura bateko pertsona naizela uste zuten. Irratian, indarrean jarduten dut, dema izaten dut Igor Zalakainekin —beste sukaldari bat—, eta telebistakoa ezberdina da. Baina nola sukaldeko lana menderatzen dugun, erraztu egiten ditu gauzak telebistan. Nola aukeratzen duzue asteroko sukaldari gonbidatua? Orain arte etorri direnak Alberto zuzendariak [Arizkorreta] aukeratu ditu. Euskal Herriko herrialde guztietatik etortzea nahi izaten da. Orain, esaterako, Arabako bat aurkitu dute. Hasierako Txoriene-n jatetxeetako irudiak azaltzen ziren, baina orain ez. Batzuetan, joan izan naiz haien etxeetara, eta ordu erdi izaten bada ere, asko balio du tarte txiki horrek grabaziorako gero. Azaldu egiten zaie bisita horietan, nola egiten dugun lan, janaria nola ekarri behar duten eta abar. Batzuetan urduri jartzen dira sukaldariak, eta gauzak orden batean ekartzeak lasaitu egiten ditu. Zure jatetxean erabili izan duzu hemen ikusitako plateren bat? Oraingoz ez, baina beti ikasten da zerbait. Orain artean gonbidatuak izan ditugunak oso jende prestua izan dira, eta beti geratzen zaizu zerbait. Guk Getarian arrain aldetik jo izan dugu beti, eta orain hasi gara barazkiak eta gehiago erabiltzen. Lapurdin, esaterako, ahatea asko prestatzen dute. Grazia egiten dit txibienak. Gonbidatu askok erabili izan dituzte, eta atentzioa ematen dit zenbat eratan prestatzen diren, Gu ohituta gaude era batzuetara prestatzen, eta bitxia da horietatik aparte beste zenbat era dauden. Zer da zailagoa, Txoriene aurkeztea ala etxeko jatetxea aurrera ateratzea? Tira, jatetxean egun guztiak ezberdinak izaten dira. Hemen, Txoriene-n, sukaldariak berak zehazten du zein den bidea, eta etxeko jatetxean, bezeroak dira hori egiten dutenak; haiek erakusten dute nondik jo. Astegunean lana egin edo asteburuan egin, ez da gauza, esaterako. Zer ari zaizu ematen Txoriene-ko esperientzia? Etxeko jatetxean talde lana indartzera eraman gaitu, nik astero egun oso bat hemen igarotzen dudanez, bitartean jatetxeak aurrera segitu behar duelako. Txorienek aukera eman dit etxeko lana beste era batera antolatzeko, eta profesionalki oso aberasgarria izaten ari da hau.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide