Aurkezpenean izan ziren, besteak beste, Nerea Etxeberria lasterkaria, Ikasberri Kirol Elkartekoak eta Azpeitiko Kiroletako zinegotzi Manuel Unanue (Nerea Uranga/Hitza)
Aurten ere 6,7 kilometroko ibilbidea izango du Azpeitiko Herriarteko Kros Mistoak. Larunbatean jokatuko da lasterketa, Azpeitiko plazatik 18:30ean abiatuta. Bosgarren aldiz egingo da lasterketa, eta oraingo honetan ere Euskal Selekzioaren alde egingo dute lasterkariek.
Aurrez izena emateko azken eguna gaur izango da. Bikoteko 20 euro ordaindu behar da, eta izena Azpeitian, Aitzakin, Aradin, Santi Lazkanon eta Mugin eman daiteke; Azkoitian PB Sporten; Zarautzen NereSporten; eta, internetez,
www.herrikrossa.com-en. Probaren egunean, larunbatean, izena emateko aukera ere egongo da, baina orduan bikoteko 30 euro ordaindu beharko dira.
Lasterketaren ibilbidea «laua eta polita» dela azaldu du antolatzaileak, Ikasberri Kirol Elkarteak. Zirkuituak bi itzuli ditu: plazatik irten eta Errebaletik Auzaratzara joango dira, handik bueltan Artzubiara etorri eta Zelai Luzetik Damaso auzora joango dira parte-hartzaileak eta handik plazara. Bigarren itzulia ibilbide bera da Artzubiraino, eta gero handik anbulatorio aurrera joango dira eta gero Betharrametik Pablo VI. auzotik Agirre auzora joango dira eta Garmendi gainetik behera etorri eta gero berriro Damaso Azkue auzora eta Erdikaletik gora helmugara iritsiko dira plazara.
Opariak eta zozketak
Proba herrikoia dela-eta lasterka egiteko zaletasuna dutenak parte hartzera animatu dituzte probaren antolatzaileek. Parte-hartzaile guztiek kamiseta bana jasoko dute bukaeran eta plazan mokadutxoa egiteko aukera izango dute. Segidan, denen artean 30 poltsa zozkatuko dituzte.
Aurten probako denborak ez dituzte txiparen bidez hartuko. «Kontu hori ematen duenak berak beste programa bat du, denborak hartzeko. Eta kros mixtoaren tamainako probetarako balio duela esan digu. Beraz, kostuak murrizte aldera txipa erabili beharrean beste sistema hori erabiliko dugu», azaldu dute Ikasberri Kirol Elkartekoek.
Oraingo honetan ere ludoteka zerbitzua antolatu dute aurten probaren antolatzaileek. 4 eta 8 urteko haurrentzako izango da eta Txiki Txoko ludotekan eskainiko dute zerbitzua 16:30etik 19:30era bitartean.