Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Astelehen batek bere baitan hartzen ditu asteko gainerako egunak. Astehelena asteartea da, asteazkena, osteguna eta ostirala EITBko Miramongo egoitzan, Donostian. Diseinu berritzaileko etxe ekologiko batek hartzen ditu barnean asteko egun guztiak, kameren, mikroen eta argien babesean. Txoriene du saioak etxea, ETBko txoriaren etxea irudikatzen duela ematen du izenaren aldetik, eta hara gerturatzen ari da hainbat pertsona.
Banaka datoz, bazkaldu eta gero. Gizonezkoak dira gehienak, hiru izan ezik. Hiru horietako bati antzematen zaio kameren aurrean jarriko dela, aurpegia horretarako apaindua eta prestatua baitakar. Pili Manterola da (Getaria, 1968). Etxearen izen bera daraman saioaren aurkezlea. Sukaldaria. Getariako Iribar jatetxeko burua egun. «Hirugarren belaunaldia da gurea», esan du, harrotasun puntuarekin.
Txorienen zain dauka Alberto Arizkorreta zuzendaria. Kamera gizonak eta audio teknikariak etxearen kanpoaldean daude eserita, azken atseden uneak dastatuz. Badakite lan astuna dutela aurretik: bi saio grabatu behar dituzte. Goizean, berriz, hiru grabatu dituzte. Astelehena da, baina Txorienen azkar batean igarotzen dira astelehenetik ostegunera, ostegunetik asteartera eta horrela. Grabatu behar duten saioaren egunaren araberakoa izaten da mugimendu hori.
Bigarren denboraldia du saioak ETB 1eko programazioan, eta hori hala izatea bada zerbait gaur egun, audientzien diktadura hain zorrotza den garaiotan. Iaztik izan du aldaketarik saioak, eta nagusia aurkezlearena da. Pili Manterolaren ardura da orain. Sukaldari prestua eta zaildua sukaldari laguntzaile bihurtzen da saioan. Astero, sukaldari bat gonbidatzen dute Txorienera, saio bakoitzeko bi plater presta ditzan; hamar denera. Etxean, zain dauzka sukaldeko tresna guztiak Eneko Azurmendik aste honetan. Zaldibin du jatetxea, Lazkao Etxe izenekoa, eta nekazari etxea ere bada. Manterolaren gonbidatua da, eta goiz osoan programa grabatzen aritu eta gero, arratsaldeko lanari ekitear dira.
Lau plater prestatu behar dituzte bien artean, kamerak, mikroak eta argiak lekuko direla. Lan taldea zortzi lagunek osatzen dute gainontzean: zuzendariak, bi kamera gizonek, bi audio teknikarik, grabazio bakoitzari dagozkion oharrak hartzen dituenak, argiaren arduradunak, eta etxeko tresnen ardura duen laguntzaileak, produkziokoak. Antzematen zaie zailduak daudela lanean. Ez dute ez aurreneko grabazioa.
«Goazen hastera», agindu die gainerakoei Arizkorreta zuzendariak. «Kanpoan egingo dugu sarrerakoa», gaineratu du. Eta hor doaz denak kanpora. Lehenxeago lantaldeko kide batzuek atseden hartu duten lekuan eseri dira Manterola eta Azurmendi. Klaketa hartu du zuzendariak, klak egin, eta «bost, lau, hiru, bi, bat» betikoa esan, eta, gero, Manterola hasi da hizketan. Azurmendi sukaldariari buruzko hainbat datu eman eta gero, Lazkao Etxeko jardunaz ere aritu da. Aurkezpena da, egun horretako saioari dagokiona.
Hitzen jarioa amaitu bezain azkar, jaiki egin dira bi sukaldariak, eta instant hori ere grabatu egin du Urbieta kameralariak, kamera astuna sorbaldan eramatearen zama duen langile finak. «Kitto!», esan die Arizkorretak. «Barrura goazen». Barruko grabazioari ekitera doaz. Azkenburukoa edo postrea tokatzen da oraingoan: souffle bat egitera doa Azurmendi, Manterolaren laguntza finaz. Txokolatezkoa eta intxaurrekin. «Bost, lau, hiru, bi, bat», klak hotsaren ondoren, hasi da Manterola hizketan. Zer plater prestatuko duten azaltzen ari da, eta azalpen horren ondoren, Azurmendi lanean hasi da. Lana eta lanaren azalpena, bi sukaldarien arteko solasaldian. Luze samar doa tarte honen grabazioa. Gauzak ondo doazen seinale. Arizkorreta kameraren atzean dabil, agindu txikiak ematen bi kamerariei, nondik eta zer grabatzea nahi duen azalduz. Xuxurlatu egiten dizkie aginduak, bestela saioaren audioan entzungo liratekeelako hitz horiek.
Dena ondo atera arte...
Ari da itxura hartzen souffle-a, eta labean sartzeko unea heltzen ari da. Labearen barruko irudiak grabatzeko kamera txiki-txiki bat dauka eskuan Arizkorretak, eskuaren ahurrean erraz kabitzen dena. Souffle-a eraman du barrura Manterolak... Eta, halako batean, Azurmendik: «Gauza bat oker egin dugu. Berriz graba daiteke?». Arizkorretak: «Dena ez dugu berriz osorik grabatuko». Eta une eta esaldi zehatz batetik aurrera grabatzen hasteko agindu die. Oraingoan bai, dena ondo atera da, eta souffle-a labean da.
«Listo», esan du Arizkorretak. «Ondo, oso ondo», eman dizkie animoak lantaldeko guztiei. Souffle-aren zatia amaitzeko ez da asko falta: labetik ateratzeko unea, Chefaren azken ukituak atala ,eta souffle-a bera jaten hastea. Minutu batzuk igaro eta gero, klaketa hotsa berriro ere, eta atzetik «bost, lau, hiru, bi, bat»... Grabatzeari ekin diote berriz. Sukaldeko mahaiaren gainean da souffle-a, eta Azurmendik aizto txikia hartu du, postrea moldetik ateratzeko. Ari da lanean, baina ez zaio iruditu ondo bukatua dagoenik, eta ezkerreko eskua buru gainean jarriz, guraizeen keinua irudikatu die beste guztiei. «Moztu», Arizkorretak segituan. «Minutu batzuk falta zaizkio labean oraindik». Labera berriz ere souffle-a. Geldialdia grabazioan. Baina motza.
Hurrengo ekinaldian, behar bezala atera da dena, eta souffle-a plateraren gainean da, dastatzeko pronto. Aurretik ordea, beste geldialdi labur baten ondoren, Chefaren azken ukituak atala grabatu dute. Bertan, Manterolak, jakia prestatzeko azken aholkuak ematen ditu. Hartu du esku artean koardeno lodia, jantzi ditu betaurrekoak, eta ozen izendatu ditu aholkuak. Azkeneko zatia falta da: dastatzearena. Segituen hasi dira grabatzen. Manterolak ahora sartu du souffle-a pixka bat, eta laudorioz busti du Azurmendiren lana. «Intxaurrak bota dizkiozula ere ahaztuta neukan, eta ahoan sartzean antzeman diet hor daudela». Saioaren amaiera lotu diote, eta «listo,bukatu da!» aginduz eman dio amaiera saio honen grabazioari Arizkorretak.
Luzatu, azkenerako
Beste hiru plater grabatzeko dauzka oraindik lantaldeak: txekor matrailak, arkumea eta beste azkenburuko bat, hain ezagunak diren teilak. Arratsaldea aurrera doa, luzexka joan da souffle-arena, baina lanean segitu beharrean dira. Atseden txiki bat hartzen ari dira kameralariak eta teknikariak, eta bitartean, Azurmendi, Manterola, Arizkorreta eta produzio laguntzailea hurrengo platererako behar diren osagaiak sukaldeko mahaian jartzen ari dira. «Sukaldariek eurek ekartzen dute generoa, eta jaki bakoitzari dagokiona bere kaxan ondo jarrita ekartzen dute», kontatu du Manterolak, kaxak gordeta egoten diren txokoan hurrengo grabazion egin beharreko lanari errepasoa ematen ari den artean.
Dena prestatu dute, eta lantalde osoa barruan da berriz. Bigarren grabazioa hastera doa. Klaket hotsa, «bost, lau, hirum bi, bat...» eta lanera. Aurreko saioaren barruan doanez, zuzenean sukaldean hasi dira grabatzen. Azkeneko bi grabazioak ez, horien hasiera sukaldearen atzean dauden aulkietan egin dute gero. Saiotik saiorako tartean gutxi asko, beste langile bat azaldu da, grabazioko txartelen bila. Eraman, ordenagailura hustu eta berriz ekarri ditu. Saiotik saiora ere errepikatu den beste egoera bat ere bada: kamerei eta audio neurgailuari bateria berria jartzea.
Badoa arratsaldea aurrera, eta uste baino gehiago ari zaie luzatzen grabazioa. Egunak ere iluntzeari tartea emateko keinuak egiten dihardu, eta berandutzeak izan du ondoriorik: ezin izan dute zati bat Txorieneneren kanpoaldean grabatu. «Barruan egingo dugu», esan du Arizkorreta zuzendariak. Halaxe egin dute, eta horrela agurtu du saioa Manterolak, Azurmendiri eskerrak emanez, gustura egon dela esanez, eta hurrengoan berriz izango dela gonbidatuz bezala. «Bukatu da», atera zaio barrenetik lantaldeko kideren bati. Eguna luzea izan da Txorienen, Piliren habian. Halakoxeak izaten dira astehelenak, egun batean asteko bost egunak txertatzen dituzten etxe berezi horretan.
Kazetaria: Aitor Manterola.