Joseba Permachek asteartean deklaratuko du epailearen aurrean

Urola Kostako Hitza 2013ko urriaren 24a

35/02 sumarioari dagokion epaiketaren aste honetako azken saioa egin zuten atzo. Azken egunetan bezala, behar baino beranduago hasi zen saioa Espainiako Auzitegi Nazionalean, eta 34 auzipetuetatik 11k deklaratu zuten epailearen aurrean, guztiak Mahai Nazionaleko kideak izandakoak. Horiek adierazi zuten «alderdi guztiek ETAtik bereizitako mintzakidetzat» zutela HB. Datorren asteartean berrekingo diote epaiketari, eta deklaratzeke daduen auzipetuek orduan egingo dute; tartean, Joseba Permachek, Zarauzko bizilagunak. Azpeitiko (irudian) eta Zarauzko Bilgune Feministak bat egin dute etziko manifestazioarekin. Atzo deklaratu zutenek ordura artekoen mezuari eutsi zioten, eta guztiek defendatu zuten euren jardun politikoa. Floren Aoiz auzipetuak honakoa nabarmendu zuen: «Alderdi guztiak publikoki nahiz pribatuan premisa batekin elkartzen ziren; ETA gauza bat zen, eta gu beste bat. Indar guztiek aitortzen zuten ETAtik bereizitako baliozko solaskidea zela HB». Erakunde armatuaren ustezko «kontrolari» zegokionez, berriz, Aoizek berretsi zuen «erabakiak hartzeko asanbladetan parte hartzea nahikoa» zela. «Norbaitek HB kontrolatu nahi izan balu, Mahai Nazionalarekin ez luke nahikoa izango, oinarriak kontrolatu beharko lituzke». Asteartean azken deklarazioak Herriko tabernekin lotutako auzipetuen deklarazioen ondotik hasi ziren herenegun Mahai Nazionaleko kide ohiak epaitzen, ETAren agindupean lan egiten zutelakoan. Esther Agirre zarauztarrak eta Mikel Arregi Ertxin zestoarrak deklaratu zuten herenegun, eta berretsi zuten Mahai Nazionalean ez zutela «inoren» agindurik betetzen, eurek hartzen zituztela erabakiak. Hain zuzen, hereneguneko saioaren irakurketa egin du Permachek libre.epaiketarikez.org blogean. «Nahikoa izan da deklarazioak entzutea akusatuen aulkira eramateko izan dituzten arrazoi ahulez jabetzeko». Arregiren kasua jarri du adibide: «Hasi-ko kide ohi izatea leporatu diote, bere adinarengatik horretarako posible ere ez zenean». Hurrengo astean bi saio egitekoak dira 35/02 sumarioari dagokion epaiketan, hasiera batean behintzat. Asteartean auzipetuen deklarazioekin amaitzekoak dira, eta asteazkenean herriko tabernen txanda izango da. Kultur elkarteetako ordezkariek arduradun zibil gisa deklaratuko dute, ez inputatu bezala. Dena den, baliteke epaileak taberna eta elkarte horien aurkako neurriak ezartzea. Eskualdeko Azkoitiko Zakela Kultur Elkartea, Azpeitiko Orkatz Kultur Elkartea, Getariko Harralde Kultur Elkartea, Zarauzko Arrano eta Zumaiako Inpernupe daude auzian. Gazteak, berriro auzitegira 26/11 sumarioaren auziari dagokion epaiketak, berriz, gaur jarraituko du. Segiko kide izatea leporatuta, 36 gazte daude auzipetuta; tartean, Olatz Izagirre Azpeitiko bizilaguna. Espainiako polizien eta guardia zibilen deklarazioen txanda izango da gaur. Auzipetuek salatu dute jasan zituzten «torturak salatu gabe torturatzaileei hitza» emango zaiela auzitegian. «Onartezina da torturak zigorgabetasun osoan jarraitzen duen bitartean hura burutzen duten poliziek auzitegi batean Zuzenbide Estatuaren izenean deklaratzea. Ezin dugu onartu», adierazi dute. Tortura kasu guztiak ikertzeko eskatu dute, eta Espainiari eskatu diote tortura posible izan ez dadin nazioarteko arauak betetzeko. «Hala ez den bitartean guk ez dugu onartuko gure torturatzaileen adierazpenik epaitegietan. Hori da ostegunean [gaur] izango dugun jarrera». Bilgunekoek bat egin dute Bi epaiketak salatzeko manifestazio nazionala egingo dute larunbatean Bilbon. Zarauzko eta Azpeitiko Bilgune Feministak bat egin dute Libreren mobilizazioarekin, eta elkartasuna adierazi diete auzipetuei. Era berean, dei egin diete herritarrei bertan parte har dezaten.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide