Azkoitiko udal zergak eta tasak %1,9 igotzea proposatu du EAJk

Ane Olaizola 2013ko urriaren 24a

Azkoitiko Udalak laster onartuko ditu 2014ko ordenantza fiskalak,  eta EAJk horien inguruko irizpideak plazaratu ditu. Azkoitiko tasak eta zergak Gipuzkoakoen bataz-bestekoaren parean kokatzea nahi dute, eta guztiei KPI adinako igoera ezartzeko eskatu dute. Erreferentzia gisa, iazko abuztutik aurtengo abuztura bitartean KPIk izan duen igoera hartu dute; %1,9ko, zehazki. Alazne Larrañaga eta Mikel Zubizarreta, proposamenen berri ematen (Ane Olaizola/Hitza) Ondasun higiezinen gaineko zergari dagokionez, etxe hutsei %50eko gainkarga ezartzea dute helburu Azkoitiko jeltzaleek, honako salbuespenekin: «Familiako norbait hiltzen denean, edota etxebizitza berritu duen sustatzaileari  ez liezaieke ezarriko bi urtean, eta familiako norbaiten menpekotasunarengatik etxea utzi beharra duen senideari ere gainkarga ez ezartzea da gure asmoa. Era berean, etxea alokairuan duten pertsonei ere ez litzaieke neurri hori aplikatuko», adierazi du Alazne Larrañagak, udaleko EAJko zinegotziak. Honen ustez, beharrezkoa da zergaren jarraipena egitea, «funtzioa bete duen ala ez jakiteko». Hala izan ezean, «dirua biltzeko» neurria izango litzatekeela nabarmendu dute. Lehen sektorearen egoera «hobetzeko» asmoz, berriz, baserrietan egiten diren obrei %95eko hobaria ezartzea proposatu du EAJk. Tasen kasuan, zaborraren gainekoa nabarmendu dute. Gogoratu dute egun %90eko estaldura maila duela tasa horrek, baina gai honen inguruan «informazio gehiago» eskatu diote Azkoitiko Udal Gobernuari. «Oraindik ez dakigu Urola Erdiko Mankomunitateko kostuak zenbat igoko diren, eta agian KPI baino gehiago igo beharra dago. Gure ustez unea da zaborraren gaineko tasak ondo aztertzeko, desfase eta tipifikazio gehiegi dagoelako». Datorren urteko udal aurrekontuei begira, berriz, jeltzaleek dituzten lan lerroak jakinarazi dituzte. «Auzoetan eta lehen sektorean gutxieneko ekipamenduak izan ditzaten apustua egingo dugu». Adierazi dute auzo bakoitzak horretarako «lehentasun zerrenda» egina duela, eta horiek oinarri izanda, proposamen zehatzak egingo dituzte aurrekontuen inguruan. Horrez gain, auzoetako eta herriko irisgarritasuna hobetzeko partidak proposatuko dituzte. «Aurten ere espaloiak berritzeko partida proposatuko dugu». Sozio-ekonomiaren arloan, berriz, ekintzailetasuna bultzatzeko laguntza programa abian jartzea dute asmo, enpresak martxan jartzen dutenek diru-laguntzak jaso ditzaten. Horrez gain, musika eskolako eraikin berria martxan jartzeko proiektua aurrera eramateko diru kopurua ezartzea «ezinbestekotzat» jo dute, baita hondakinen inguruan herrian sentsibilizazio lana egitea ere. «Edozein erabakiren aurretik kalez kale kanpaina egitea beharrezkoa da, herritarrek jakin dezaten ezinbestekoa dela hondakinak bereiztea, eta hori nora egin behar duten». Inbertsioak, gauzatu gabe 2013ko aurrekontuen harira, EAJk Udal Gobernuaren «kudeaketa eza» kritikatu du. Honen arabera, aurtengo aurrekontuetako hainbat partida oraindik ez dituzte erabili, esaterako, auzoetako autobus zerbitzurakoa (25.000 euro), auzo lanetarakoa (10.000 euro), herri galdeketa egitekoa (11.595) euro, eskola kirolerako diru-laguntzak (20.000 euro), espaloiak konpontzekoa (120.000 euro), Aizpurutxo asfaltatzekoa (16.000 euro), baserri auzoetako buzoiak jartzekoa (1.000 euro) edota plan estrategikoa egitekoa (7.000 euro). «Soilik inbertsioen %26a dago gauzatuta» salatu dute, eta gogoratu dute 2012ko aurrekontuetan gastatu ez ziren 323.852 euro iazko aurrekontuetan txertatu zituztela. «Datuek erakusten dute proiektuak ez direla diru faltagatik egin gabe geratu, baizik eta kudeaketa faltagatik, eta herriko beharrei erantzuten hasteko unea da».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide