Gaur egin duten aurkezpeneko irudi bat (Amaia Ventas/Hitza)
Bigarren urtez SOS Arrazakeriak antolatutako Bizilagunak programarekin bat egin du Zarauzko Udalak. Helburua Zarautzen jaio direnak eta kanpotik etorritako zarauztarrak elkar ezagutu, bizipenak partekatu eta "aurreiritziekin haustea" da. Horretarako erronka berria jarri dute: aurten hamar bazkari antolatzea. Eta egun bat finkatu: azaroaren 17a. Interesa dutenek hainbat bide izango dute izena emateko: 943-321811 telefonora deitzea,
info@mugak.org helbidera mezua bidaltzea edota
mugak.eu webguneko
banner-ean klikatzea. Edozein dela bidea, galdetegi labur bat erantzun beharko da, besteak beste, bazkaria norberak prestatuko duen ala besteen etxeetara joateko prest dagoen zehazteko, eta horrean arabera moldatzeko hitzorduak. Zarauzko Immigrazio sailaren bidez ere eman ahalko da izena.
Iaz egin zuten lehenbiziko aldiz eta "arrakasta" izan zuela jakinarazi du SOS Arrazakeriako Anaitze Agirrek. Europako zortzi herrialdetan 2.000tik gora familia elkartu ziren egun berean, eta Gipuzkoan 120 bat lagunek hartu zuten parte. Aurten diru laguntzak-eta murriztu dituztenez, Europako lau herrialdetan soilik egingo dituzte bazkariak. Hala ere, urte "garrantzitsua" izango dela jakinarazi du; izan ere, gipuzkoarrez gain, aurten bizkaiarrek eta arabarrek ere hartuko dute parte.