Azpeitiko elkarretaratzearen une bat (Nerea Uranga/Hitza)
«Izugarrizko poza hartu dugu. Estrasburgoko ebazpenak ate bat ireki du, zalantzarik gabe. Espainiako Gobernuari belarritik tira egin dio, eta presoen eskubideak errespetatzeko exijitu dio. Honek praktikan jarri beharko du hori». Joxe Arrutiren hitzak dira, Juan Karlos Arruti
Paterra preso azpeitiarraren anaiarenak, Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren ebazpena jakin berritan.
Estrasburgok
Parot doktrina baliogabetu, eta Ines del Rio espetxean legez kanpo dagoela ebatzi du. Areto Nagusiak aho batez erabaki du Ines del Rio berehala utzi beharko dutela aske, «2008tik legez kanpo dagoelako espetxean». 197/2006 doktrinak Europako Giza Eskubideen Ituneko 5. eta 7. artikuluak urratzen dituela esan dute epaileek, eta Ines del Rioren kasuan giza eskubideen kontrakoa dela ebatzi du auzitegiak. Behin betikoa eta apela ezina da Espainiaren kontrako ebazpena
Parot doktrina auzia-n.
Del Rioren egoeran, 197/2006 doktrinaren pean, egun 59 preso inguru daude; horien artean, Juan Karlos Arruti azpeitiarra eta Maritxu Uzkudun errezildarra. Bien senideek positibo jo dute atzoko ebazpena: «Maritxuk deitu du [atzo] etxera, amonarekin hitz egin du, eta gustura dagoela esan dio», adierazi du Uzkudunen iloba Ihintza Larrañagak. Uzkudunen senitartekoentzat «lehen pausoa» izan da hau. «Maritxu bihar kalean egongo den ilusiorik ez dugu, baina bide onean doala uste dugu. Oraindik ez dugu abokatuarekin hitz egin, dena ikusteko dago, baina gustura gaude».
Atzoko eguna iritsi zain «urduri» egon direla aitortu du Uzkudunen senitartekoak. «Beldur ginen. Orain lasaiago gaude, ebazpena jakinda». Maritxu Uzkudun Granadako (Espainia) espetxean dago egun preso. 2009ko abuztuaren 27an irten behar zuen kartzelatik, zigor osoa beteta, baina espetxealdia 30 urtera luzatu zioten, 2021eko otsailaren 5era arte. Arrutik, berriz, 20 urteko kartzela zigorra beteta, 2009ko irailaren 10ean irten behar zuen. Baina 2010ean 197/2006 doktrina edo
Parot doktrina delakoa ezarrita, kartzelaldia 30 urtera luzatu zioten, 2019 urtera arte.
Preso bien senideek jakin badakite soka luzea ekarriko duela ebazpenak. Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Ines del Rioren auzian
Parot doktrina-ren aurkako ebazpena eman eta gero, Espainiako Auzitegi Nazionalak banan-banan aztertuko ditu doktrina hori ezarrita duten gainerako presoen egoerak; besteak beste, Uzkudunena eta Arrutirena. Abokatuek atzo hedabidetan adierazi zutenez, «berehala» egingo dituzte doktrinaren menpe dauden presoak aske uzteko eskaerak. «Espainiako Gobernuak bere trikimailuak erabiliko ditu, eta ahaleginduko da presoen askatasuna oztopatzen, baina azkenean errespetatu egin beharko du», uste du Joxe Arrutik. Azpeitiarra aste honetan da Kordobara anaia bisitatzera joatekoa, eta aurreratu duenez, «bisita berezia» izango da.
Espainiako Gobernuak atzo egindako prentsaurrekoan nabarmendu zuen ebazpenak presoen gaineko ondorio kolektiborik ez duela izango; «erabaki juridikoak erantzun juridikoa» izango duela azpimarratu zuten Alberto Ruiz Gallardon Espainiako Justizia ministroak eta Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak. «Justiziari dagokio erabakia ezartzea, ez gobernuari». Baina horrek ez du «politika
antiterrorista» aldatuko. Ez zuten aipatu egiteko asmoa zuten «ingenieritza juridikoa». «Interpretazioak» egiteko legean zirrikituak badaudela esana du Barne ministroak.
Doktrina 2006tik ezarrita
Parot doktrina izenarekin ezagun den araua 2006an ezarri zuen Espainiak. Presoek gehienez 30 urteko kartzela zigorra bete zezaketen ordura arte, legez. Muga horri zigor kode hark ahalbidetzen zituen espetxe onurak ezarrita, urtetan murrizten zen espetxealdia 2006ra arte.
Parot doktrina-k, berriz, espetxe zigorren gaineko interpretazioa aldatu, eta espetxealdia luzatzea ekarri zuen. Jada zigorra betetzen ari zen hainbat presori ezarri zioten aldaketa.
Neurria ezartzen hasi eta lau urtera jaso zuen Espainiak 197/2006 doktrinaren aurkako ebazpena. Europako Giza Eskubideen Auzitegiak ebatzi zuen doktrina ez dela onargarria, eta Del Rio aske uzteko agindu zion Espainiari. Entzungor egin Espainiak, eta helegitea jarri zuen Europako Giza Eskubideen Epaitegiaren aurka.
Iaz, berriz, Joxe Mari Perez
Txuri preso zarauztarra eta Juan Mari Igarataundi preso zestoarra lehenbailehen askatzeko agindu zuen Espainiako Auzitegi Konstituzionalak. 1997/2006 doktrinaren gaineko ebazpena eman zuen orduan auzitegiak, eta 2006an Espainiako Auzitegi Gorenak indarrean ezarritako araua berretsi zuen, baina doktrinaren aurka jarritako 31 helegiteetatik hiru onartu egin zituen; tartean, zarauztarrarena eta zestoarrarena.
Aske uzteko hainbat aldarri
Azken hilabeteetan eskualdean hainbat babes ekitaldi egin dute doktrina pean preso daudenen eskubideen alde eta haien askatasuna eskatzeko, Herritarron Epaiaren bidez. Atzo bertan elkarretaratzeak egin zituzten Azpeitian, Errezilen eta Zestoan. Ehunka lagun elkartu ziren preso horien askatasuna aldarrikatuz.