Esther Agirrek eta Mikel Arregik Mahai Nazionaleko kide zireneko jardun politikoa azaldu dute gaur epaiketan

Urola Kostako Hitza 2013ko urriaren 22a

http://youtu.be/rGem9O9X3T0

http://youtu.be/rGem9O9X3T0 35/02 sumarioari dagokion epaiketaren laugarren saioa egin dute gaur Espainiako Auzitegi Nazionalean. Mikel Arregi Ertxin zestoarrak eta Esther Agirre zarauztarrak gainera, Adolfo Araiz, Juan Karlos Rodriguez eta Karmelo Landak deklaratu dute gaur epailearen aurrean, bostak Mahai Nazionaleko kide ohiak izandakoak. Orainarteko saio guztiak bezalaxe gaur ere beranduago hasi da epaiketako saioa, 11:30ak inguruan. Estrasburgoko erabakia dela-eta Ines del Rio aske uzteko erabakia hartzen egon baitira Audientzia Nazionalean tribunaleko kide batzuk. "Atzo esan ziguten gaur pixka bat beranduxeago etortzeko epaiketara, baina egia esanda alde horretatik ez dira ari oso zorrotzak izaten. 10:00etarako deituta egon arren, askotan hasterako 11:30ak izaten dira. Baina, beno, gaurkoa aurrez abisatu ziguten", adierazi du Arregik Madrildik. Gaur deklaratu duten bost auzipetuek euren jardun politikoaren berri eman dute batik bat. Akusazioaren galderei ez die erantzun, bakarrik euren abokatuek egindako galderak erantzun dituzte. "Mahai Nazionaleko kide izan ginen garaiko militantzia politikoaren inguruan deklaratu dugu. Noski, guk onartu dugu Herri Batasunako zuzendaritzako kide izan ginela. Justu gaur deklaratu dugun bostetik lau (Karmelo Landa, Adolfo Araiz, Juan Karlos Rodriguez eta ni neu) 1995eko Mahai Nazional hartako kide ginen, gero kartzeleratuak izan ginenak gainera. Kuriosoa da, orduan ere gaur egun leporatzen diguten gauza bera leporatu zitzaigula; orduan ETAko kide izateaz absolbituak izan ginen, nahiz eta gero kolaborazioagatik kondenatu. Gaurko saioak defentsak horri ere bere pisua eman dio. Noski, hor orduz geroztik inolako ardura politikorik izan ez dugunak ere bagaudelako. Beraz, lehen epaitutako kausak daude daude hor, garai hartan AVT-tik akusatu zitzaiguna eta orain ere akusazio popular bezala AVT-tik horixe akusatzen digutena", azaldu du zestoarrak. Mahai Nazionaleko kide ziren garaiko ardura politikoen inguruan ere erantzun dute gaurko auzipetuek epaiketan. "Gure jardun politikoaz eta publikoaz jardun dugu, besterik ez dagoelako". ETAko kide izatea ukatu egin dute gaur deklaratu duten auzipetu guztiek, "akusazioak gure militantzia politikoa ETAko kide izatearekin lotzen du, inolako frogarik gabe. Guk ukatu egin dugu hori, inoiz ez garelako ETAko kide izan. Herri Batasunako kide izan ginela eta Mahai Nazionalean guk ez genuela inoren agindurik eta antzekorik betetzen esan dugu. Guk geure erabakiak geuk hartzen genituela azaldu dugu". Mikel Arregi Ertxin 1995ean hasi zen HBren Mahai Nazionalean, Gipuzkoako koordinatzaile politiko, baina 1997an kartzeleratua izan zen Mahai Nazionaleko beste kide batzuekin batera. Mahai Nazionala atxilotzeko Baltasar Garzonek emandako aginduaren ondoren sortutako Mahai Nazionaleko kide izan zen Esther Agirre zarauztarra. 1998 eta 1999. urte artean nazioarteko harremanen ardura izan zuela deklaratu du gaurko saioan defentsaren abokatuei erantzunez. Jardun handiko garaia izan zela esan du, Lizarra-Garaziko akordioa eta ETAren su-etena tarteko. Garai hartan egindako hainbat bidaiaz galdetu diote, baina nazioarteko harreman politikoekin lotutako bidaiak izan zirela deklaratu du zarauztarrak. "Ez dago ezer, inolako frogarik gabeko akusazioak dira egiten dizkigutenak. Aldez aurretik bagenekien hori eta halaxe dela ikusten ari gara", esan du Ertxinek. Joan den astean hasitako makroepaiketa Joan zen astean hasi zen epaiketa, eta atzo heldu zioten berriz. Epaiketaren lehen egunean, Josu Iraeta eta Jose Antonio Egido auzitik kanpo uzteko eskatu zuen haien defentsak, eta epaileak onartu egin du eskaera. Beraz, 34 lagun geratzen dira orain auzipetuta. Hamar auzipetuk deklaratu zuten epailearen aurrean, eta orain arte bezala, soilik defentsaren galderak erantzun zituzten. Joan zen ostiralean hasi zen herriko tabernen auzia-ren aurkako epaiketa, aurretiazko gaiak konpondu ondoren. Epaileak orduan ebatzi zuen Esther Agirre zarauztarrak ez duela egunero joan beharko Madrileko auzitegira. Agirre eta beste lau auzipetu saio guztietara joatera ez behartzeko eskatu zuen lehenengo egunean haren abokatu Jone Goirizelaiak, «egoera pertsonala» dela medio. Epaileak onartu egin du eskaera, eta egunero ez joateko baimena eman die. Hala, herriko tabernetako ordezkariek bezala, deklaratzea dagokien egunetan eta azken egunetan soilik joango dira auzitegira. Eskualdean Joseba Permach eta Agirre zarauztarrak eta Ertxin zestoarra daude auzipetuta. Azkoitiko Zakela Kultur Elkarteak, Azpeitiko Orkatz Kultur Elkarteak, Getariako Harralde Kultur Elkarteak, Zarauzko Arrano Kultur Elkarteak eta Zumaiako Inpernupe Kultur Elkarteak arduradun zibil gisa deklaratuko dute datozen asteetan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide