Datorren urtean 20 urte beteko ditu bakarka ekin zionetik, eta gaur goizean bere ibilbideko seigarren lana aurkeztuko du Jexuxmai Lopetegik (Zarautz, 1956) Donostian,
Errekan gora izenburupean. Bertan entzungai den
Iturri zaharretik abestian kontatzen duenez, oraindik bada beti abesti bera egiten duela leporatzen dionik. Baina Lopetegiren lakuak hainbat errekastotatik edaten du, eta disko berrian inoiz baino ageriago utzi du aniztasun hori.
(Aritz Mutiozabal/Hitza)
Errekan gora, izokinak korrontearen aurka bezala?
Pixka bat, bai. Esploratzaile lanak egin nahi badituzu, errekan gora abiatzen zara. Beheraka beti da errazago, baina ezustea han goian dago. Diskoko abestietako bat ere bada
Errekan gora. Beharbada, ez dut abesti horretan erabili indar gehien, baina diskoari izenburua jartzeko ezin hobe zetorkidan. Izokina goraino iristen da, eta arrautzak jartzen ditu bertan. Aitzitik, abestian ez da halakorik gertatzen. «Saltoak ditut berritzen, goi lakua dut amets», dio abestiak, eta nik bizi dudan egoera azaltzen du. Hain zuzen ere, beti nabilela lanean, baina inoiz ez naizela hor gora iristen.
Erreka, itsasoa, euria, ibaia, erribera, putzuak... Ura oso presente dago disko honetan.
Bai ura, bai natura. Diskoa osatzen duten hamalau abestitatik zortzi nik idatzitakoak dira. Zortzi horiek,
Beste swing bat salbu —nahiko hiritarra dena—, naturarekin lotuta daude. Nire adierazteko modua hortik abiatzen da, ni neu konturatu gabe. Baserriko semea naiz, eta hori oharkabean bada ere, islatuko da. Egia esan, ura oso presente dago disko honetan, baina ez naiz ni horren bila joan. Inkontzienteak ekarri dit horrenbeste ur.
Gainera, Udaberria eta Udatzena abestiak jaso dituzu. Bi urtaro euritsuenak, agian?
Halaxe da. Oso euritsuak dira bi urtaro horiek. Hala ere,
Udaberria bakarrik da nire.
Udatzena Pako Aristik duela hiru urte idatzitako poema autografikoa da, eta hark eskatuta musikatu dut. Nik laupabost urtetik behin kaleratzen ditut diskoak, eta epe luze hori iraun behar izan du kalera agertu aurretik.
Sorterria eta bizitokia ere ez duzu ahaztu gabe utzi. Lehen abestian, Uhinak marrazten izenekoan, Zarauzko erribera eta bertako hegaztiak dituzu aipagai.
Badirudi
National Geographic-erako egin dudala [kar-kar]. Zarauzko eboluzioari begira, A-8 autobideak herriko erribera erdiz erdi zeharkatu zuen, eta horrek bertako fauna kondenatu. Nik ere sumatu dut garai bateko hegazti asko desagertuta daudela gaur egun.Trirripiloak jada ez dira ikusten; txepetxak eta buztainka-zuriak, aldiz, oraindik ikusten dira. Abestian aipatzen ditudan txori gehienak gure bistatik desagertu badira ere, pentsatu nahi dut beste nonbait babestu direla. Gauzak ez ditugu ongi egin, betelan askorekin –autobide azpiko kamioien aparkalekua eta abar–, eta horiek eragin handia izan dute gure erriberako bizitzan.
Zarauzko naturaren iruditik herrigunera egiten duzu jauzi Beste swing bat abestiarekin. Alde zaharrean sartzen zara bete-betean: fraideetako izkina, Kale Nagusia, Euskalduna taberna...
Anekdota bitxi bat dut kontagai abesti horretan. Jon Eskisabel kazetariak
Berria egunkarian idatzitako artikulu bati esker Joe Henry musikariaren berri izan nuen, eta hura ikustera joan ginen Arrasatera. Itzultzerakoan, Kale Nagusian, Euskalduna tabernan elkarri bultzaka zebiltzan bi lagun ikusi nituen. Bordatxon afaldu ondoren, berriz ere Kale Nagusitik nindoala, bi horiek ikusi nituen. Gertakizun horretatik abiatuta, fikziozko istorio bat egin dut, bata Celine zela irudikatuz, eta bestea Bukowski. Elkarri entzungor diren bi pertsonaia dira; pixka bat edanda daudenean, batak esandakoa besteak ez du entzuten. Pentsatu nuen istorioak kontatzea merezi zuela.
Abesti horretan jazz erritmoak dira nagusi, baita Gogoratu, ahaztu-n ere. Izar uxo aurreko lanean eman zenuen lehen urratsa genero horretara. Errepikatzeko gogoz al zeunden?
Ni libre sentitzen naiz disko bat osatzerako orduan; hau da, kanta bakoitza nora eraman erabakitzerakoan.
Izar uxo diskoan jazz hirukote batekin landu nituen
Ni naiz Basquiat eta
Bidegurutzean; Satxa Soriazu, Kike Arza eta Juanma Urrizarekin, alegia. Oraingorako ere haiekin hitzartuta neukan, eta bi abesti aukeratu nituen beraiekin gorpuzteko.
Gogoratu, ahaztu-rekin jazz kutsuko vals bat egin genezakeela iruditu zitzaigun.
Beste swing bat, berriz, swing bat da bere osoan. Dena dela, nire soinu teknikari Unai Morazaren esanetan, disko honetan abestiren batek nahasten badu, hori
Beste swing bat dela. Nire lengoaia musikaletik kanpo geratzen da, eta, egia esan, hirukotearekin dudan elkarlanak ez du jarraipenik zuzenekoetan. Hala ere, halako bitxikeriak egiteko eta diskoan sartzeko askatasun osoa dut.
Eroso sentitzen al zara jazzarekin?
Bere arriskua du jazz hirukotearekin jotzeak, baina gustuko dut. Pako Aristik zera esaten zidan, Harkaitz Canoren
Ni naiz Basquiat poema handi bat musikatzeko gai baldin banintzen, bere
Udatzena-rekin abestia egin ahal nezakeela. Nolabait ere, jazzak poema luze bati musika jartzeko balio duela esanez. Dena den, hori ez da nire berezko lengoaia. Ni rocketik nator, nahi ez badut ere, eta rocketik gertu dago nire lengoaia musikala.
Errekan gora, Iturri zaharretik eta Itsasoan euri dira abesti rockeroenak. Sustraiak ez dira inoiz ahazten?
Hori da. Horrez gain, argitaratu ditudan azken diskoetan nire izenez bakarrik sinatu baldin badut ere, taldearen pisua sentitzen dut oraindik. Lehen hiru lanak Jexuxmai eta Noizbehinka bezala kaleratu genituen, eta egun Noizbehinkaren izenik agertu ez arren, musikari haiek nirekin jarraitzen dute. Orduan, beraiek ere motibazio bat behar dute, eta zeharka bada ere, abesti batzuk indartsuagoak egitera bultzatzen naute.
Jazz kutsuko bi kanta, rocka oinarri duten hiru, eta gainerakoak lasaiagoak, kantautore izaera handiagoarekin. Diskoa ixten duen Paisaia intimoa-n, esaterako, zu zeu zara zure gitarrarekin bakarrik, biluz-biluzik.
Joseba Sarrionandiaren
Ez gara gure baitakoak liburutik hartutako testua narratiboa da. Hori horrela izanda ere, abestia egiteko txukun zetorkidan. Abestiaren amaieran «Eta agian, ez naiz ene baitakoa» dio, liburuaren izenburuarekin bat eginez. Miresmen handia diot. Nire idazlerik kuttunena da, eta ia nire lan guztietan daude bere hitzak.
Joseba Sarrionandia, Harkaitz Cano, Pako Aristi , Jon Benito eta Mitxel Murua. Idazleak balio seguruak al dira abestiak hitzez janzteko?
Nik neure kanta egiterakoan borroka izugarria izaten dut hitzekin. Nire burua asko egurtzen dut, gustura geratu arte. Idazle baten hitzak baldin badira, kontu handiz lantzen ditut, jatorrizko bertsioa erabat errespetatuz. Balio segurua da, testua gustatuz gero. Hori gertatzen denean, musikarekin uztartzen duzu, eta abestiak zentzua izan dezan saiatzen zara. Ez dut testua txertatzen txertateagatik. Abestia 40 aldiz entzun eta oraindik berriro entzuteko gogoa eman behar dizu.
Hala ere, aurreko diskoan ez bezala, lan berriko letra gehienak zureak dira. Lumarekin konfiantza gehiago hartu duzu, akaso?
Baietz esango nuke. Ez da beti suertatzen, baina batzuetan izaten dut etorria, eta halakoetan aprobetxatu behar izaten da. Ni ez naiz idazlea, baizik eta abestiak idazten ditut. Lan horretan zalantza handiak izaten ditut. Idatzitakoa ulerkor geratu zaidan ala ez kezkatzen nau. Lau lerrotan hamasei lerrotan kontatu nahi duzuna kontatzeko gai izan behar duzu, eta iraupen laburrean istorio duin bat sartu behar duzu.