Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Ezker Anitza eta Udal Gobernua 2014ko tasa eta zergen inguruan akordio batera iritsi dira: datorren urtean ez dituzte Ondasun Higiezinen, eta Zirkulazioaren gaineko zergak eta Hondakinei dagokien tasak igoko. Ezker Anitzako Mariana Aranburuk "herritarrei gehien eragiten" dieten tasa eta zerga horiek izozteko eskatu zion Udal Gobernuari pasa den astean, eta horrek onartu. Gainontzeko zergak eta tasak KPI adina igoko dituzte, %1,9 alegia. Uraren prezio publikoa izan ezik: hori %1,5 igoko du datorren urtean Gipuzkoako Urak elkarteak. "Eskubideen murrizketan oinarritutako politika neoliberalek" 2012an eta 2013an gizartea "gogor kolpatu" duela nabarmendu dute Ezker Anitzatik, eta horrek alor pribatu zein publikoan lan egiten duten herritarrengan eragina izan duela, eta baita erretiratu eta langabetuengan ere. "Langile gehienei soldatak izoztu dizkiete edota jaitsi, pentsioak ere ia mantendu egin dira; %1 soilik igo dituzte 2013an eta 2014rako %0,25 igoko dituztela aurreikusi dute", adierazi du zinegotziak. Horrek guztiak herritarren erosteko ahalmena "erabat mugatu" duela nabarmendu du, eta ondorioz udalak zergak eta tasak zehazterakoan kontuan izan beharko duela. "Herritarrei zuzenean eragingo dien zerga eta tasak zehazterakoan esfortzu handia egin beharko du erakundeak". Hain zuzen horregatik mantenduko ditu Ondasun Higiezeinen eta Zirkulazioaren gaineko zergak eta Hondakinen tasa. Azken hori aurrerago Zarautzen ezarriko den hondakinen bilketa sistemaren arabera moldatu egin beharko dela jakinarazi du. Gainera, hiru zerga horiek ordaintzen dituzten tasen %60a direla gogoratu du.
Halaber, zenbait hobari mantentzea ere lortu dute. Uraren, hondakinen eta estolderiari gaineko tasei dagozkien hobariak %90rainokoak izango dira datorren urtean lanbide arteko gutxieneko soldata edo murritzagoa duten familia edo pertsonentzat. Berrikuntza gisa, 2014an hiruhilabeteko ordainagiriarekin batera hobari horien inguruko informazioa igorriko dute, baldintza hori betetzen dutenek eskatu dezaten. Ondasun Higiezinen zergari dagokionez, etxe hutsei edota normalean erabiltzen ez diren etxeei %150eko errekargua kobratzen jarraitzea adostu dute Ezker Anitzak eta Udal Gobernuak. "Ezker Anitzatik uste dugu ez duela zentzurik ohiko etxeei eta etxe hutsei zerga bera ezartzea". Dena den, 2014rako etxe horiek hutsik dauden ala ez erregulatzeko baldintzak berraztertuko dituzte.