Getariako Udaleko ordezkariak eta Baketik Fundazioko kideak egitasmoaren aurkezpenean (Aiora Larrañaga/Hitza)
Bizikidetza ekimena
Politika
- Urrian. Bizikidetzarako balioen inguruko ikastaroa, zinegotzientzat.
Herritarrak
- Azaroaren 7an, 19:00etan. Bizikidetza egitasmoa aurkeztuko dute herritarren aurrean.
- Azaroan. Bizikidetzaren inguruko sakonketa ikastaroa herritarrentzat.
- 2014ko urtarrila eta otsaila. Bizikidetzaren inguruan eztabaidatzeko, herritarrentzat foro itxia.
- 2014ko martxoa. Herritar guztientzat, metodologia parte-hartzailea oinarri duen saioa.
Hezkuntza
- Urtean zehar. Bizikidetza jarduerak aurrera eramango dira (oraindik zehaztu gabe).
Dibulgazioa
- Azaroan. Bizikidetzari eta berradiskidetzeari buruzko agiria banatuko dute herriko etxe guztietara.
Getariako Udalak eta Baketik Fundazioak «gizarte osoan bizikidetza eta berradiskidetze kultura sustatzeko» herri mailako programa aurkeztu dute. Udalbatza osatzen duten hiru alderdiek elkarlanean adostu dute egitasmoa abiatzea, eta «bizikidetzarako kultura berria» sortu nahi dute Getarian. «Mota honetako prozesu batean oso garrantzitsua da kolore askotako eragile politikoak bizikidetza programaren beharraz jabetzea, eta hori abiatzeko ados jartzea. Aniztasunak konplexutasuna dakar, baina desberdinen arteko lanketa askoz eraginkorragoa izaten da», azaldu du Baketik Fundazioko kide Pello Sarasuak.
Azaroa eta 2014ko udaberria bitartean garatuko dute programa, eta lau esparru jorratuko ditu: politikoa, herritarrei dagokiena, hezkuntza eta dibulgazioa. Eragileek jakin badakite gatazka egoeren aurrean herritarrek izaten duten «jarrera ez dela bat-batean» aldatuko. «Prozesu luzea izango da, norberaren, eta, oro har, gizarte osoaren lanketa eta jarrera aldaketa eskatzen duelako. Borondatea da gakoa. Besteari entzuten ikasi behar dugu. Askotan badakigu ez dugula arrazoi osoa, baina eztabaidatzerakoan arrazoi osoa bagenu bezala hitz egiten dugu. Hori aldatu behar dugu; bestearekin tokian jartzen ikasi behar dugu».
Getariako bizikideratzerako programak bi irizpide nagusi izango ditu ardatz. Alde batetik, zuhurtasun demokratikoa, eta, bestetik, sakontasun etikoa. «Zuhurtasunez jokatu behar dugu, bestela azaleko eztabaidan geratzeko arriskua baitago», zehaztu du Baketik Fundazioko kideak. Ildo horretan, udaleko zinegotziak dagoeneko hasi dira barne lanketa egiten; urrian bizikidetzarako ezinbestekoak diren oinarri etikoen inguruko ikastaroa egin zuten. «Oso esperientzia ona izan da. Garbi hitz egin dugu, lasai», azaldu dute zinegotziek. Udal ordezkariek bezala, batozen hilabeteetan herritarrek bizikidetza balioen inguruan hausnartu eta lanketa egin dezaten ikastaroa eta foro bat antolatuko dituzte.