Gipuzkoako Elikagaien bankuaren bidez egingo da janari banaketa
Aurreko astean Elkartasun Astea ospatu zen Zarautzen, herriko askotariko gobernuz kanpoko erakundeek antolatuta. Ekitaldi ugari antolatu zituzten, tartean, janari bilketa egin zuten larunbatean. Horri loturik, azaroaren 29an eta 30ean Gipuzkoako hainbat saltoki handitan janaria biltzeko kanpaina egingo da. Han bildutako janaria elikagaien bankuaren bitartez banatuko zaio premia dutenei.
Zarauzko Udalak janari bilketa horretan parte hartzera deitu ditu herritarrak. Boluntarioak herriko saltoki handiaren atean jarriko dira eta erosleei poltsa batzuk banatuko dizkiete, horiek janariz beteta bueltatzeko eskatuz. Boluntarioek bi egun horietan hiru txandatan egingo dute lan, 10:00etatik 14:00etara, 14:00etatik 18:00etara eta 18:00etatik 22:00etara. Boluntario moduan parte hartu nahi dutenek izena eman beharko dute Zarauzko Udaleko Gizarte Zerbitzuetan (943-005127 eta 943-005111) azaroaren 20 arte.