Uzkudunen eta Arrutiren senitartekoen lehen adierazpenak

Urola Kostako Hitza 2013ko urriaren 21a

Espainiako Justizia Ministerioan prentsaurrekoa ematen ari dira Barne eta Justizia ministroak Estrasburgoko erabakiaren inguruan. Ruiz Gallardon Justizia ministroak argi utzi du Gobernuaren iritzia: "Kasua pertsona bati dagokio, Ines del Rio. Erabakia aplikatzea ez dagokio Espainiako Gobernuari, Auzitegi Nazionalari baizik". Fernandez Diaz Barne ministroak ere hitz egin du: "Ez dakigu zenbat presori eragingo dien, justiziak kasuak banaka aztertuko baititu". Gaur aho batez onartu dute Estrasburgon Espainiaren kontrako ebazpena Parot doktrina auzian.  "2008tik ilegalki dago espetxean Ines del Rio" euskal presoa, ebazpenaren arabera. Izan ere, ezin da atzeraeraginez ezarri Parot doktrina. Europako giza eskubideen 5. eta 7. artilukulak urratu ditu Espainiak. Ines del Rio aske utzi behar dute, eta 30 mila euroko indemnizazioa jaso behar du. UROLA KOSTAKO HITZA-k Joxe Arruti Paterra-ren anaiarekin hitz egin du, eta Estrasburgoren ebazpena modu positiboan baloratu du: "Izugarrizko poza hartu dugu", adierazi du. "Ebazpenak ate bat ireki du, zalantzarik gabe. Espainiako Gobernuari belarri tira egin dio,  eta presoen eskubideak errespetatzeko exijitu dio. Honek praktikan jarri beharko du hori". Abokatuekin ez du hitz egin oraindik, baina komunikabideetan entzun duenez, "oso positibotzat" jo dute horiek ere. "Normalena izango da orain preso bakoitzaren egoera banan banan aztertzea; Espainiako Gobernuak bere trikimailuak erabiliko ditu, eta ahaleginduko da presoen askatasuna oztopatzen, baina azkenean errespetatu egin beharko duela uste dut". Arruti aste honetan da anaia bisitatzera joatekoa, eta aurreratu duenez, "bisita berezia" izango da. Maritxu Uzkudunen iloba batek ere hitz egin du HITZA-rekin. "Albiste positiboa" dela azaldu du, eta "gustura" daudela. "Maritxuk deitu du etxera, amonarekin hitz egin du, eta gustura dagoela esan dio". Uzkudunen senitartekoentzat "lehen pausoa" izan da hau. "Maritxu bihar kalean egongo den ilusiorik ez dugu, baina bide onean doala uste dugu. Oraindik ez dugu abokatuarekin hitz egin, dena ikusteko dago, baina gustura gaude". Gaurko eguna iritsi zain "urduri" egon direla aitortu du. "Beldurrez geunden, orain lasaiago gaude ebazpena jakinda". Parot doktrina izenarekin ere ezagun den arau hori 2006an ezarri zuen Espainiak. Presoek gehienez 30 urte egin zitzaketen ordura arte kartzelan, legez. Muga horri Zigor Kode hark ahalbidetzen zituen espetxe onurak ezarrita, urtetan murrizten zen espetxealdia 2006ra arte. Parot doktrina-k, berriz, espetxealdia luzatzea ekarri zuen. Jada zigorra betetzen ari ziren hainbat presori ezarri zioten aldaketa. Egoera horretan daude eskualdeko bi preso: Maritxu Uzkudun errezildarra, eta Juan Karlos Arruti Paterra azpeitiarra. Bi herri horietan elkarretaratzeak deitu dituzte gaur iluntzerako. Azpeitian 19:30ean egingo dute bilkura, eta Errezilen 21:00etan. Zestoan ere elkarretaratzea egingo dute gaur 19:30ean plazan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide