"Mariok adiskidetzeaz zuen ideia berreskuratu behar dugu", adierazi du Agustin Ibarrolak Mario Onaindia Saria eskutan izan bezain laster, Zazpi kultur elkartean. Bere ibilbidea aitortu dio artistari Mario Onaindia Fundazioak, artearen munduan egindako lana, baita "Francoren aurka lehenbizi, eta ETAren aurka ondoren" egindakoa ere. "Mario bizitza demokratikorako pertsona oso baliotsua izan zen. Pena da, oraindik ere demokrazia eraikitzen ariko litzateke", esanez amaitu zuen hitzaldia, eta oraindik artista gisa ikertzen jarraitzen duela gehituz.
Fundazioko lehendakari Esozi Leturiondok, Euskaltzaindiako kide Pello Salaburuk eta Felipe Juaristi idazleak hartu dute parte ekitaldian.
Hamar urte dira PSE-EEko kide Mario Onaindia hil zela. Eta urteurrenaren aitzakian mahai inguru bat egin zuten atzo, Zazpin bertan. Alberto Suri kazetariak koordinatu zuen, eta Euskadiko Auzitegi Nagusiko presidente Juan Luis Ibarrak, Espainiako Legebiltzarreko PSE-EEko diputatu Jose Mari Benegasek, Euskaltzaindiako lehendakari Andres Urrutiak eta Manu Gojenola idazleak hartu zuten parte.