Lucia Lakarra: "Dantza mundua nahiko konplexua da, baina ez gaude erotuta"

Aritz Mutiozabal 2013ko urr. 18a, 14:17

(Argazkia: Vallinas) Euskal dantzaririk entzutetsuena eta ohoratuena da Lucia Lakarra (Zumaia, 1975). Municheko Opera Balleteko izarra, nazioarteko dantzari entzutsuenetarikoa. Gaur arratsaldean, ordea, Euskal Herrira ekarriko du bere distira, Bilboko Euskaduna Jauregia argitzeko. Euskaldunak eta Dantza 9. Jaialdian ariko da, Municheko Opera Balleteko dantzari nagusi, eta, era berean, senarra duen Marlon Dinorekin batera. Ekitaldian hainbat artistak hartuko du parte, baina dantzari zumaiarra izango da, zalantzarik gabe, gonbidatu nagusia. Bilboko ikuskizuna etxera itzultzeko aitzakia paregabea izango da, ezta? Beti da pozgarria Euskal Herrira itzultzea. Urte asko pasa da etxetik joan nintzenetik, eta niretzat berezia da  familiaren aurrean eta euskal herritarren aurrean dantzan egitea. Honakoa ez da aipatutako gala horretan parte hartuko dudan lehenengo aldia izango. Duela hiru urte izan nintzen lehen aldiz, eta, egia esan, ilusio handia egiten dit berriz aritzeak. Zer programa prestatu duzue emanaldirako? Zer dantzatuko duzu? Emanaldiak hiru zati izango ditu, eta zati horietako bat —Kameliadun dama-ko pieza— duela bi urte eskainitako bera izango da, antolatzaileek eurek hala eskatu digutelako. Pieza horri esker San Petersburgoko (Errusia) Dance Open jaialdiko sari nagusia eman zidaten joan den apirilean, eta berriz dantza nezan na­hi zuten. Emanaldia Zisneen lakua obrako pas a deux edo bikote dantza eginez irekiko dugu. Bigarren zatian Ligth rain egingo dugu, bikote dantza neoklasikoa, eta apur bat akrobatikoa. Azkenik, aurreko galan bezala, Kameliadun dama-rekin biribilduko dugu jaialdia. Marlon Dinorekin ariko zara. Bikote zarete oholtza gainean, baita oholtzatik kanpo ere. Ez dut harekin dantzan egiten nire senarra delako. Bikote izan aurretik hasi ginen elkarrekin dantzatzen Munichen. Berari esker dantzatik ezagutzen ez nuen hainbat gauza ikasi ditut. Eszenatoki gainean elkar ulertzeaz gain, elkarrekiko konfiantza eta sinesmen osoa dugu. Ez bakarrik mugimenduak egiterako orduan, baita mugimendu horiek interpretatzerakoan ere. Taula gainean, maila profesionalean, bereizi egiten al duzue zuen arteko harreman sentimentala? Laneko momentuan ezberdintzea komeni da. Oso erraza da etxeko konfiantza lanera eramatea, eta hori ezin dezakegu onartu. Bereizi egiten dugu. Estudioan lanean gabiltzanean beste dantzari bat gehiago balitz bezala errespetatzen dut. Baina taula gainean elkartzen garenean, emozioak benetakoak izaten dira, etaagertokian islatzen dugun maitasuna ez da antzeztua, benetakoa baizik. Bilbon taularatuko dituzuen pieza horiek Madrilen dantzatu zenituzten martxoan, Espainiako Dantza Klasiko Konpainia Nazionalaren aurkezpen ekitaldian. Madrilen Zisne zuria eta Kameliadun dama piezak dantzatu genituen, eta arrakasta handia izan genuen. Espainiako Dantza Klasiko Konpainia Nazionalaren gala zenez, haien joera klasikoa omendu nahi izan genuen, eta horretarako programa oso klasikoa prestatu genuen. Ikuspuntu dramatiko handia dute, eta jendeak oso ongi hartu zuen. Espero dugu Bilbon ere harrera beroa jasotzea. Zisneen lakua benetan klasikoa da dantzan. Jatorrizko bertsioa fidel interpretatzen al duzue? Jatorrizko bertsioa taularatuko dugu, bai. Normalean, Marius Petiparen koreografian oinarritutako aldaerak egiten dira, baina pas a deux-a ez da inoiz aldatzen, eta zati hori izango da guk dantzatuko duguna. Lehen edo azken ataleko pausoak eta mugimenduak moldatu egiten dira askotan, baina bigarren atala­ —Zisne zuria-rena— jatorrizkoa izaten da beti. Zisne zuria hizpide, duela urte batzuk Zisne beltza (Black Swan, Darren Aronofsky) filma estreinatu zuten. Bertan ikusten denarekin antzik ba al du? Erabat ezberdina da, eta ez du zerikusirik Zisneen lakua-ren jatorrizko koreografiarekin. Filmean ikusten den bertsioa oso-oso bestelakoa da. Hainbat pasartek barregura eragin zidaten. Dantzarion eguneroko egoera batzuk ongi hartu zituzten; esaterako, askotan minarekin dantzatzen dugula, eta hori gertatu ohi da. Baina minez dantza egitetik kristal zati bat gorputzean sartuta duzula dantzan egitera sekulako aldea dago. Dantza mundua nahiko konplexua da, baina ez gaude erotuta. Dena dela, kontuan izan behar dugu film bat baino ez dela, eta film guztiak neurriz gainekoak direla, ikuslea erakartzeko. Balletearen egunerokoa jasoko lukeen film bat egin balute, ez luke halako arrakastarik lortuko. Alde iluna sartu zioten, eta fikziozko thriller bi­hurtu. Zuzendaria ezagutzen nuen, eta, egia esan, ez ninduen gehiegi harritu. Askotan minez dantzatu ohi duzuela azaldu berri duzu. Zuri dagokizunez, lesio batetik atera berria zara. Zer moduz zaude orain? Duela bi urte behatza puskatu nuen, eta denboraldi osoa minduta dantzatu nuen. Sendagilez sendagile ibili nintzen, baina ez zidaten arazoa konpondu. Urte osoa behatz hautsiarekin aritu ondoren, behatza egoera tamalgarrian geratu zitzaidan. Iaz bi ebakuntza egin zizkidaten, eta asko sufritu nuen. Gogorra izan zen berriz taula gainera itzultzea. Orain, behatza itsusituta eta min kronikoarekin geratu zait. Erreuma edo artritis moduko zerbait dudala esan zidaten. 90 urteko emakume baten behatza dudala, eta horrek ez duela erremediorik, alegia. Orduan, oraindik orain minez egiten al duzu dantzan? Bai, eta mina desagertzeko ezin dut ezertxo ere egin. Bi aukera ditudala esan zidaten sendagileek: min horretara ohitzea edo, bestela, behatza apuntatzea. Beraz, aurrerantzean minez dantzatzea erabaki dut. Edonola ere, min eramangarria da, min arina, ez baita min garratz bat. Nire burua ezagutu behar dut, eta min hori kontrolatzen ikasi. Nire aukera da, eta badakit hor dagoela eta hor egoten jarraituko duela. Edonola ere, ez dut pentsatu ere egin horregatik nire ibilbidea etetea. Eta zure ibilbidea aipatu duzula, hamaika urte egin dituzu Municheko Opera Balleteko dantzari nagusi modura. Aurrerantzean ere bertan jarraitzeko asmoa al duzu? Oraingoz, bai. Oso pozik nago Munichen, eta, gainera, kontratu oso ona dut. Une honetan urte osoko ikuskizun guztiak lotuta dauzkat, eta horrek beste gauza batzuk egiteko erraztasuna ematen dit. Askatasuna edo niretzako denbora izatea garrantzitsua dela iruditzen zait; Bilboko galan aritzeko, New Yorkera joateko edo beste herrialde batzuetako konpainia nazionalekin dantzatzeko, hala nola. Munichen izen handia dut, eta nire nahia errespetatzen dutenez, aukera hori ematen didate.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide