Mandalarako kideak taldearen lokalaren aurrean (Aiora Larrañaga/Hitza)
Norberaren ongizatea aurkitzeko asko dira herritarrek jorratzen dituzten bideak. Mandalara taldeak horretan dihardu azken zortzi urteetan, herritarrek beren burua lantzea eta hobeto ezagutzea baitu helburu. Horretarako, barne oreka lortzeko tresnak eta hainbat motatako baliabideak erakusten dituzte saioetan, «norberak bere egunerokoan barne bakea eskura dezan». Ildo horretan, zenbait teknika ezagutzeko aukera izango dute herritarrek datorren astean, Mandalara Astea ospatuko baitute urriaren 24etik 27ra bitartean. Egitasmoak herritarrei irekiak eta doakoak izango dira.
Taldea sortu zutenetik urratsez urrats joan da, eta iaz Mandalara taldeak lokal propioa ireki zuen. «Mandalara Astean lokalaren lehen urteurrena ere ospatuko dugu, eta aitortu behar dugu proiektua sendotzeko oso garrantzitsua izan dela geure lokala izatea. Mundura ateak ireki ditugu. Kosta tailerrean oso gustura geunden, baina beste taldeekin aretoa elkarbanatu beharrak ikastaroak eta jardunaldiak antolatzerako orduan hainbat muga jartzen zigun», azaldu dute. Egun asteroko ikastaroak eskaintzeaz gain, zenbait ostiraletan eta asteburuetan hitzaldiak eta ikastaro eta tailer trinkoak antolatzen dituzte. «Ongizatea aurki dezaten, herritarrei askotariko gaiak aurkezten saiatzen gara beti. Pasa den ikasturtean, esaterako, asteroko ikastaroez gain, 40 jardunaldi antolatu genituen, eta 800 lagun inguruk parte hartu dute horietan».
Herritarrei irekita
Herritarrengana iristeko lehenik eta behin gai jakin baten inguruko hitzaldia antolatzen dute, eta gaian sakondu nahi duen taldetxoa osatzen bada, ikastaro edo tailerra abiatzen dute. «Gure helburua herritarrengana iristea da; haien beharrak asetzeko baliabideak ematea, alegia. Horregatik, gai anitzak lantzen ditugu, pertsona guztiak desberdinak garenez, barruan duguna bide desberdinetatik ateratzen baitugu».
Mandalara Taldeko kideei «poz handia» ematen die herritarrengan hobekuntza antzematea. «Norbera bere buruarekin zoriontsu eta bakean egoteak eragina du osasunean, umorean, eguneroko bizitzan, bikote harremanetan, familia giroan eta inguruarekiko harremanean».
Dena dela, taldera hurbiltzen diren guztiek ez dute hasieratik sinesten «barne bakea aurkitzeko bide alternatiboetan». Mandalara taldeko kideek adierazi dutenez, asko dira eurengana hurbiltzen diren «eszeptikoak». «Hasieran norbaitek gomendatuta probatzera etortzen dira asko, eta ondoren lanketak balio dien ela ez ikusten dute. Bakoitzaren inplikazio maila emaitzarekin guztiz erlazionatuta egoten da, ordea», azaldu dute.
Mandalara taldeak herritarrengana iristen jarraitu nahi du aurrerantzean, eta Mandalara Asteak horretarako balioko diela uste dute. «Mandalara Asterako urtean zehar landu ez ditugun gaiak jorratzen saiatu gara, herritarrei atsegingo zaizkiela badakigunak».
Bestalde, Mandalarako kideek zortzi urte hauetan herritarrek izan duten jarrera eskertu dute. «Mandalara herritar orori irekita dago, eta haien ekarpena oso aberasgarria da beti»