Libreren webgunean Joseba Permach zarauztarrak epaiketaren lehen eguneko kronika egin du. Hona hemen:
"2013, urriak 17
Hamaika urte beranduago eguna iritsi eta abiatu gara Auzitegi Nazionalera. 36 auziperatu, 100 herriko tabernetako ordezkariak eta astelehenean hasi zen gazteen epaiketako ordezkaritza bat. Atarian egin dugu argazki familia eta suposatzen duen bidegabekeria politiko eta juridikoa salatu du Karmelo Landak. Hamaika urte ez omen dira asko eta bi orduko atzerapenaz hasi da epaiketa.
Aurretiazko gaiak lantzea omen zen gaurko lehen egin beharra. Alegia, epaiketa hasi aurretik argitu beharreko gauza batzuk argitzea. Horren baitan jakin izan da bi Askabide daudela, bata prostituzioari laguntzen dion elkartea, bestea Zorrozako Herriko Elkartea. Biak nahastu zituen poliziak. Lotsagarria da hamaika urte beranduago hau argitzea eta hasi aurretik prostituten laguntza soziala helburu zuenak auzitik kanpo uztea. Ez dirudi bakarra izango denik.
Gaur ere abokatuek J.A Egido eta Iosu Iraeta epaitzerik ez dagoela eskatu dute. Preskripzioa tarteko. Hamaika urte beranduago ordea fiskalak orain abokatuekin bat egin du eta auzitik kanpo geldi daitezke hurrengo egunetan. Nork bueltatuko die eginiko min eta kalte guztia? Inork ere ez. Agerian gelditu da beraz eta hasieratik zein fundamentu gutxirekin garatu diren sumario hauek. Epaiketa politikoak.
Edonola ere estatuak gaur lortu du nahi zuen argazkia, ezker abertzaleko hamarnaka kide bankilloan eserita, noiz eta Aieteko urteurrenean. Alperrik ordea. Honaino iritsi baita instituzio ezberdinetan egin diren protesta ekintzen aldarria, kalean egin diren mobilizazioena eta oro har denok helarazi diguzuen elkartasun eta babesa. Erasotzen jarraitzen dute baina konponbidea erasotzen ari direlarik sozialki geroz eta deslegitimatuagoak ageri dira. Hau Euskal Herrian erabatekoa da eta horrek indarra eman behar digu, ematen digu.
Eta euskal gizartearen babesaz gain badugu beste zerbait ere. Lerro hauek idazten ari naizelarik Mexikotik nazioarteko komunitatearen babesa, kasu honetan Amerikakoa jasotzen ari gara herri gisa. Hain zuzen, Aieteko adierazpenarekin bat egingo dute presidente ohi mordo batek.
Alegia, estatu espainola indartsu sentitzen da epaitegietan baina guk euskal jendartearen babesarekin eta nazioarteko komunitatearekin. Gure buruarengan konfiantza izatean datza etorkizunerako giltza. Auziperatuak bederen izan badugu. Eta zuk?"