Dozenaka herritar bildu zen udaletxe atarian, 'Epaiketa politikorik ez' lelopean. Amaia Ventas
Epaiketa politikorik ez lelopean dozenaka herritar bildu ziren atzo arratsaldean Zarauzko udaletxe atarian. Atzo hasi zuten 35/02 sumarioari dagokion epaiketa, eta horren harira egin zuten elkarretaratzea. Gaur jarraituko du Espainiako Auzitegi Nazionalean epaiketak. Epaileak atzoko helegiteei erantzun ondoren dira auzipetuak deklaratzen hastekoak eta datorren astean amaituko dutela aurreikusi dute. 2002an abiatu zuen Baltasar Garzon epaileak Batasuna legez kanpo uztea ekarri zuen sumarioa, eta Batasunan, HBn eta EHn egindako lanarengatik ETAko kide izatea egotzita 36 lagun igaroko dira epailearen aurretik datozen bost hilabetetan; horien artean Mikel Arregi Ertxin zestoarra, Joseba Permach eta Esther Agirre zarauztarrak, Azkoitiko Zakela Kultur Elkartea, Azpeitiko Orkatz Kultur Elkartea, Getariko Harralde Kultur Elkartea, Zarauzko Arrano eta Zumaiako Inpernupe epaituko dituzte. Fiskalak hamabi urteko espetxe zigorra eskatu du Permachentzat, eta hamarna urtekoa Agirrerentzat eta Arregirentzat.
Hori guztia salatzeko, hilaren 26an manifestazio nazionala egingo dute Bilbon,
Epaiketa politikorik ez. Konponbidearen alde eskubide guztiak lelopean, eta hara joateko deia luzatu die Librek herritarrei. Bestelako mobilizazioak ere izango dira eskualdean. Gaur Zakela Libre aurkeztuko dute Azkoitiko Elkargunean, 19:00etan. Azpeitian eta Zarautzen, berriz, azaroaren 16an Libre Eguna egingo dute.