Dozenaka herritar bildu zen atzo Zarauzko udaletxe atarian, 'Epaiketa politikorik ez' lelopean. (Amaia Ventas/Hitza)
35/02 sumarioako epaiketaren bigarren saioan, aurretiazko gaiak konpondu ondoren hasi dira lehen auzipetuak deklaratzen. Gaurko saioan Idoia Arbelaitz, Bixente Enekotegi, Jon Gorrotxategi eta Rufi Etxeberriak deklaratu dute. Soilik defentsaren galderei erantzun die; ETArekin ez dutela loturarik izan azaldu dute.
Saioaren hasieran atzo egindako helegiteak erantzun ditu epaileak; Esther Agirre zarauztarra eta beste lau auzipetu saio guztietara joatera ez behartzeko eskatu zuen atzo haren abokatu Jone Goirizelaiak, «egoera pertsonala» dela medio. Epaileak onartu egin du eskaera, eta egunero ez joateko baimena eman die; hala, deklaratzea dagokien egunetan eta azken egunetan soilik joango dira auzitegira.
Herriko tabernetako ordezkariek ez dute saio guztietara joan beharrik izango. Hori eskatu zuten atzo taberna eta kultur elkarteetako ordezkarien abokatuek, «soilik erantzule zibilak» direla argudiatuz, eta epaileak onartu egin zuen eskaera. Beraz, tabernetako eta elkarteetako ordezkariek soilik dagokien egunetan joan beharko dute epaitegira. «Oso pozik» hartu dute erabakia ordezkariek.
Espainiako Auzitegi Nazionalak San Fernando de Henaresen duen egoitzan aste honetako bigarren makro-epaiketa hasi zuen atzo, Segiren aurkako 26/11 sumarioaren ondotik. 2002an abiatu zuen Baltasar Garzon epaileak Batasuna legez kanpo uztea ekarri zuen sumarioa, eta Batasunan, HBn eta EHn egindako lanarengatik ETAko kide izatea egotzita 36 lagun igaroko dira epailearen aurretik datozen bost hilabetetan; horien artean Mikel Arregi Ertxin zestoarra, Joseba Permach eta Esther Agirre zarauztarrak, Azkoitiko Zakela Kultur Elkartea, Azpeitiko Orkatz Kultur Elkartea, Getariko Harralde Kultur Elkartea, Zarauzko Arrano eta Zumaiako Inpernupe epaituko dituzte. Fiskalak hamabi urteko espetxe zigorra eskatu du Permachentzat, eta hamarna urtekoa Agirrerentzat eta Arregirentzat.
Bi orduko atzerapenarekin hasi zen atzo 35/02 sumarioaren epaiketa; auzipetuek bi ordu behar izan zituzten sarrera kontrolak gainditzeko. Bi areto zabaldu zituzten epaiketa aurrera eramateko, eta haietako batean publikoa sartu zuten; tartean, Soledad Becerril, Espainiako arartekoa. AVT eta Dignidad y Justicia kexu agertu ziren, auzipetuen artean Arnaldo Otegi falta delakoan. Epaitegira sartu aurretik Karmelo Landa ezker abertzaleko kideak prentsaren aurrean hitz egin zuen, eta «epaiketa politikoa» dela salatu zuen. «Bakearen alde lanean segitzeko absolbituta eta Euskal Herrian» egotea beharrezkoa dela nabarmendu zuen, eta prozesuaren «anakronismoa» gaitzetsi zuen. «Espainiako Gobernuak ez du oraindik onartu ezker abertzalea legezkoa izatea». Auzitegi Nazionaleko atean egin zituen adierazpenok, Xabier Mikel Errekondo, Maite Ariztegi eta Jon Iñarritu Amaiurreko diputatuekin batera. Atzean, auzipetuek zeramaten pankartan Libre irakur zitekeen.
Defentsa abokatuek ekin zioten lehenengo saioari, eta Jose Antonio Egido eta Josu Iraeta auzitik kanpo uzteko eskatu zuten. Azken horri ETAko kide izatea leporatzen diote, baina abokatuak argudiatu zuen delitua preskribatuta dagoela, «frogatuta baitago 1992an utzi zuela HBko mahai nazionala». Horien preskripzioaz erabakitzeko denbora behar duela eta, astelehenean jakinaraziko du epaileak. Bestalde, Askabide elkartea auzitik kanpo utzi dute, izen bereko herriko taberna batekin nahastu baitute.
Hurrengo astelehenean segituko du epaiketak, beste hiru saio izango dira: astelehenean, asteartean eta asteazkenean. Orduan dira auzipetuen deklarazioekin amaitzekoak. Herriko tabernen eta kultur elkarteen ordezkariek deklarazioak, berriz, hurrengo hilean hastea aurreikusten dute, Xabier Arrizabalaga
Enbortxo Azpeitiko Orkatz Kultur Elkarteko lehendakariak egunkari honi adierazi dionez.
Auzia, 11 urteren bueltan
Auziak bi ildo ditu; epaitutakoei egozten zaien jarduera politikoaz gain, herriko taberna eta elkarteen bitartez ETA finantzatzea egozten die fiskalak akusatuei. Beraz, Euskal Herriko 110 herriko taberna eta elkartetako arduradunak ere deituta daude epaiketara, horietako bost eskualdekoak. Hango ordezkariek arduradun zibil gisa deklaratuko dute, ez inputatu bezala. Hala ere, taberna eta elkarte horien aurkako neurriak har ditzazke epaileak.
Atzo hasi zen epaiketak 2002an du jatorria. Espainiako Auzitegi Nazionaleko Baltasar Garzon epailearen aginduz 11 lagun atxilotu eta zortzi miaketa egin zituen Espainiako Poliziak. Herriko tabernetako kontuak blokeatu zituzten eta jabegoak bahitu. «ETAren udaletxe proiektuaren barruan» kokatu zituen Herri Batasuna eta Batasuna, «ETAren enpresa handi bat» zela esan zuen, eta herrikoak kontrolatzen dituela. Herriko tabernen kontuak blokeatu eta jabetzak enbargatu zituen. Taberna horiek Batasunaren menpe zeudela esan zuen «politikoki, ekonomikoki eta antolakuntzari dagokionez». Herriko tabernak ez zeuden Batasunaren izenean, baina, hori «benetako titulartasuna ezkutatzeko maniobra» zela argudiatu zuen epaileak orduan. 11 urtez auzia kaxoian gordeta izan ostean hasi dute 40 lagunen eta 110 herriko tabernen kontrako epaiketa, Aieteko Konferentziaren bigarren urteurrenean, eta ETAk behin betiko su etena iragarri zuen bigarren urteurrenaren bezperetan.
Fiskalaren arabera, HB, EH eta Batasuna ETAren aginduz sortu ziren, eta honen tesiari jarraituz nahikoa da 36 lagun horiek alderdi horietako kideak direla frogatzea ETAkoak direla esateko. Iñigo Iruin, Adolfo Araiz, Jone Goirizelaia eta Kepa Landa abokatuek osatzen duten defentsa taldeak, ordea, Herri Batasunak ETA ez zuela sortu berretsi du.
Horren harira, Xabier Arrizabalaga
Enbortxo Orkatz Kultur Elkarteko lehendakariak egoeraren irakurketa egin du Uztarria Azpeitiko herri aldizkarian: «Prozesu politikoa zapuzteko beste saiakera bat gehiago da. Batetik, kartzelaratzeen bidez, nolabait, egon daiteken jende aditua kendu nahi dute zirkulaziotik. Eta, bestetik, nahiz eta espetxeratu ez, jendea horri begira edukiarazi. Azken finean, errepresioaren bidez hemen eraikitzen ari diren hainbat dinamika eta horien garapena zapuztu da. Orkatzen eguneroko bizia zapuztu eta, zigor ekonomikoez gain, gune horren garapen naturala oztopatu nahi da».
Mobilizazioak eskualdean
Aste honetan hasi diren bi epaiketak salatzeko mobilizazioak egin dituzte azken egunetan eskualdeko hainbat herritan. Atzo elkarretaratzeak egin zituzten Azpeitian, Zestoan eta Zarautzen, eta ehunka herritarrek epaiketa politikoak bertan behera uzteko eskatu zuten, eta auzipetuei babesa eta elkartasuna adierazi zieten.
Datozen egunetarako ere hainbat mobilizaziotara deitu dute. Gaur Zakela Libre aurkeztuko dute Azkoitiko Elkargunean, 19:00etan. Azpeitian eta Zarautzen, berriz, azaroaren 16an Libre Eguna egingo dute.
Zestoan, bestetik, Arregik deklaratzen duen egunean plazan elkarretaratzea egitekoak dira, joan zen astean udalak hala adostu eta gero. Udalabatzak aho batez onartu zuen joan zen astean Epaiketa politikorik ez mozioa, eta han hitza eman zuten elkarretaratzea egiteko deia egingo duela aldiro. Gainera, auzipetuari babesa emateko antolatuko dituzten ekimenak babestuko dituela jakinarazi zuen.
Horrez gain, hilaren 26an manifestazio nazionala egingo dute Bilbon,
Epaiketa politikorik ez. Konponbidearen alde eskubide guztiak lelopean, eta hara joateko deia luzatu die Librek herritarrei.